Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka DNA Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiak 15 ikuskizun eskainiko ditu

Dokumentuaren akzioak

DNA Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiak 15 ikuskizun eskainiko ditu

Apirilaren 29tik maiatzaren 13ra bitartean eginen den jaialdian Kukai eta Sharon Fridmanen ‘Erritu’ lanaren estrenaldia eginen da Aralarko San Migel Santutegiaren kanpoaldean apirilaren 30ean.
Komunikabidea
Euskalerriairratia
Tokia
Nafarroa
Mota
Albistea
Data
2018/04/12
Lotura
Euskalerriairratia

DNA Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiak hirugaren edizioa ospatuko du apirilaren 29tik –Dantzaren Nazioarteko Egunetik– maiatzaren 13ra bitartean. 15 ikuskizun programatu ditu, eta Nafarroako hainbat herri eta kokapenetan egingo diren lankidetza, topaketa eta prestakuntzarako jardueren aukeraketa bat eskainiko du.

Natura, ekologia, komunitatea eta arkitektura dira DNA 2018ren kontzeptu nagusiak, eta jaialdi honen bitartez, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako sorkuntza garaikidea berreskuratzearen aldeko apustua indartuko du, izan ere, aurtengo berritasunen artean, ikusgaitasun handiagoa emanen dio bertako sorkuntza garaikideari, publiko berriei irekiz, bereziki haurrei eta familiei, eta dantzak kalean duen presentzia areagotuz. Abiapuntu hauetan oinarrituta, DNA dantzaren nazioarteko erreferentziazko topagune bihurtuko da berriz ere, 2016ko udazkenean egindako lehendabiziko edizioaren eta 2017ko udaberrian antolatutako bigarren edizioaren ondoren.

Iruñean, jarduerak antolatu dira Gaiarre Antzokian, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, Zitadelan, Civican eta Zaldi Zuriaren txokoan. Gainera, DNA 2018 ikusgai izanen da Barañaingo Auditorioan, Zangozako Kale Nagusian, Ribaforada, Atarrabia eta Arangurengo kultura-etxeetan, Noaingo Kultura Zentroan, Zizur Nagusiko Erreniega parkean, Nafarroa Beherea Plazan, Agoizko Nafarroa Beherea Plazan, Aralarko San Migel Santutegiaren kanpoaldean eta Tuterako Gaztambide Antzokian. Honela, jaialdiak lurraldetasunaren alde egin du, nazioarteko azentua duen programazioaren jarduera-ardatz nagusitzat.

Bertako sorkuntzaren eta publiko berrien aldeko apustua, estreinaldiak eta tailerrak

Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiak dantza garaikideko artista handien lan bereizgarriak eta tokiko nahiz estatuko artisten ekoizpen berriak uztartuko ditu. Era berean, aurreko edizioetako berezko balioak sendotu ditu; hala nola, dantzaren inguruko ikuspegi eta irizpide desberdinen sorkuntza, aniztasunari arreta ematearen aldeko apustua eta abangoardiako azken joerei eta lengoaiei irekitzea.

Aurtengo edizioan, ahalegin berezia egin da bertako sorkuntza garaikidearen ikusgaitasuna indartzeko eta dantza haurrei eta familiei irekitzeko. Horretarako, ikusleen prestakuntza xede duten tailer eta jarduera espezifikoak eratu dira. Programazioak dantzak kalean duen presentzia ere areagotuko du, ikuskizunak herritarren eguneroko bizimoduan txertatzearen aldeko apustuari jarraiki.

DNA 2018 jaialdiak zazpi estreinaldi izanen ditu: “Erritu”, Kukai eta Sharon Fridmanen eskutik, eta “Ura”, Zuk Performing Arts taldearena. Bi antzezlan hauek Nafarroako paisaia bereizgarriekiko solasa dute ardatz, batean Aralarko Artxueta mendiarekin eta bestean Bardeetako basamortuekin. Bestalde, Iruñeko zuhaitz-ondarearen aniztasunak Calling Tree artista taldearen omenaldia jasoko du, Rosemary Lee eta Simon Whiteheaden zuzendaritzapean, hiriko kale, parke eta lorategietan zehar antolatutako paseo eta performance ibiltarien bitartez. Iruñeko Zitadelan karpa bat jarriko da hello!earth daniarrek –Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egindako bi urteko egonaldiaren ondoren– DNAn estreinatuko duten “The Night, Visioning a Post-capitalist Society While We Sleep” ikuskizuneko gaueko esperientziak biltzeko. Horrez gain, gorputz, adin eta gaitasunen aniztasunaren ospakizuna dugu abiapuntu Galan, Jérôme Belek-en eskutik, eta “emakumea izatearen” aniztasuna zalantzan jartzen duen Mathilde Monnier-en eta La Ribot-en Gustavian.

Jaialdiak, Nafarroako artistek landutako lau ikuskizun aurkeztuko ditu, horietako hiru estreinaldian direlarik: “Ura", Zuk Performing Arts taldeak Ribaforadako Kultura Etxean egindako egonaldiaren emaitza; Estitxu Arroyo zintronikoarraren “Cuerpo – Documento”, Nafarroako Artxiaboan egindako egonaldian taxututakoa; eta Led Silhouette taldearen “Errata Natural”. Gainera, jaialdiak Helena Lizari eta Laida Aldazen “Kirolak” berriz ere ikusteko aukera emanen du.

Programa honetan, dantzaren historiara hurbilduko gaituzten lanak ere sartu dira; hala hola, Toni Jodarren hitzaldi dantzatuak edota “Sin baile no hay paraíso: mi propia historia de la danza" (“Dantzarik gabe ez dago paradisurik: nire dantzaren historia”), Pere Faurarena.

Jaialdia larunbatean bukatuko da, maiatzak 12, Zitadelako lorategiak okupatuz eta Nafarroako, Estatuko zein nazioarteko hainbat artistaren lanak aurkeztuz.

Ikuskizunekin batera, DNAk publikoak sortu eta prestatzeko programa pilotua abiarazi du, eta honen bitartez, aurkezpenak eta tailerrak antolatu ditu, zenbait elkarte, talde eta eskolaren lankidetzaz. Hartara, Bertha Bermúdez koreografoak “Documentando procesos de creación” (“Sorkuntza prozesuak dokumentatuz”) delako tailerra eskainiko du, berrikitan sortutako Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboko prestakuntza-programaren barnean, eta Bermúdez berak eta Estitxu Arroyo Sánchezek “Diálogo entre documentos” (“Dokumentuen arteko solasa”) delako saioa eskainiko dute. Topaketen atalean, Nafarroan dantza bultzatzeko planaren II. Topaketa antolatu da; “Lo bueno” (“Ona”) saioa, Ghislaine Veranoren eskutik, CACHeko Aperitifak zikloaren barnean, eta “Gestores del Sur” (“Hegoaldeko kudeatzaileak”) saioa.

Ikuskizun gehienetarako sarrerak salgai daude jadanik jaialdiarekin bat egin duten kokapen desberdinetako txarteldegietan eta online, DNAren webgunearen bitartez (http://festivaldna.com/es/venta-de-entradas).

Komunikazio kanalak

DNA jaialdiak webgunea estreinatuko du edizio honetan (http://festivaldna.com), eduki elebidunak (euskaraz eta gaztelaniaz) bildu eta ondokoei buruzko informazioa eskainiko duena: programatutako ikuskizunak eta jarduerak, kolaboratzaileen esparruak, jaialdiaren lantaldea eta sarreren online salmenta. Gainera, webguneak material grafikoa eta ikusentzunezkoa eskaini eta esku-programa deskargatzea ahalbidetuko du.

Halaber, DNAk orrialde bat du Facebooken (https://www.facebook.com/festivalDNA/) eta kanal bat Vimeo (https://vimeo.com/festivaldna), eta batean zein bestean, DNA 2018 aurkezteko aurrerapena eta “Gala”, “Gustavia” edota “Sin baile no hay paraíso” bezalako ikuskizunen bideoak jarri dituzte ikusgai.

DNA Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiak 15 ikuskizun eskainiko ditu

Arg: EITB

Dokumentuaren akzioak