Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dibertimendu ederra egin dute aurten ere Añorgan

Dokumentuaren akzioak

Dibertimendu ederra egin dute aurten ere Añorgan

Egilea
Beñat Parra
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Añorga (Donostia)
Mota
Albistea
Data
2024/02/10
Lotura
Irutxuloko Hitza

dibertimenduaa Añorgako dibertimenduan jantzi ederrak ikusten dira urtero, eta adin askotako auzotarrek hartzen dute parte.Xalba Ramirez

Hirugarrenez egin dute dibertimendua Añorgan, eta hirugarrenez arrakasta itzela izan du. Inauterien bueltan eta libertimendua eredu gisa hartuta, erritu berri bat sortu zuten 2022an auzoan, eta tradizio bihurtu da dagoeneko. Aurten, 2022an eta 2023an ez bezala, eguraldi txarra izan dute, baina hori ez da oztopo izan añorgatarrentzat, eta jaia auzoko txoko guztietara eraman dute.

10:00etan abiatu dira kalejiran Añorga Txikitik, joaldunak buru eta zirtzil guztiak atzetik, giro ederrean. Amassorrain ikastetxean egin dute lehenengo geldialdia, eta bertan dantzan ibili dira, Añorgako dantzariak zein Goizuetakoak; Nafarroako herri horretako jende asko joan zen duela hamarkada batzuk Añorgara, eta bien herrien arteko harremana mantentzen da gaur egun ere.

Hamaiketakoa egin ostean, eskean jarraitu dute dibertimendukoek, euriari aurre eginez, jai giroan. 13:00ak aldera, frontoian egin dute ekitaldi nagusia, dantza, musika, bertsolaritza eta antzerkia uztartuz. Besteak beste, Giri pertsonaiaren inguruan dantzan aritu dira zirtzilak eta Goizuetako dantzariek ikuskizun ederra eman dute. Antzerkian, Donostiako alkatearekin gogoratu dira, eta ironia eta satira zorrotzez, aurten zeresana eman duen Dbusen 47 autobus linearen (Atotxarrekakoa) inguruan aritu dira, baita Atotxarrekako radar faltsuaren inguruan ere, besteak beste. Era berean, inauterietan ohikoa den moduan, ikusleak xaxatzen aritu dira dantzariak, antzezleak eta zirtzilak.

Amaieran, Giri epaitu dute eta, nola ez, Añorgako suan erretzera zigortu dute. Giri suak kontsumitzen zuen bitartean, denek elkarrekin Herri zahar hau abestu dute, ondoren herri bazkarira joateko.

Beste behin ere, Donostian askotariko inauteriak ospatu daitezkeela erakutsi dute Añorgan eta erritu berri horren bueltan auzo bizitza eta auzoko ehundura soziala zabaltzen jarraitzen dute, jaiek, ondo pasatzeko ez ezik, horretarako balio dutelako.

Jarraian, dibertimenduko laburpen bideoa eta irudi bilduma ikus ditzakezue:

 

Dokumentuaren akzioak