Dokumentuaren akzioak
dFeria murriztuaren balantze ona egin dute
Donostiako Arte Eszenikoen Feriak 3.800 ikusle izan ditu aretoetako saioetan, iaz baino %40 gehiago
Aretoak bete egin ziren Golden Apple Quartet-en Goibel , Fingersix-en La sonrisa ganadora eta Organik-en Maniatic@s ikuskizunetarako, Tanttakaren La mujer justa eta Ballet Biarritzen Magifique-k ikusleentzako tokiaren %65 betetzea lortu zuten, eta Kapzuloa
proposamen berritzaileak 144 ikusle bildu zituen 12 emanalditan. Horrez
gain, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearekin batera, Gustavo
Zajac-ek tailer bat eskaini du, eta koreografia bat sortu.
Antolatzaileentzat, dFeria azokak dantza eta antzerkia
«ahalegin beraz zaintzen» dituela erakutsi du. «Maila artistikoa,
antolakuntza, aurrekontuaren gauzatze zorrotza eta Euskadiko arte
eszenikoen sektoreak agertutako konpromisoa azpimarragarriak» izan
direla gaineratu dute.
Guztira 4.060 lagunek parte hartu dute. Horietako 3.804
aretoetako ikuskizunetan bildu dira - kopurua iaz baino %40 handiagoa
izan da- eta gainerako 256 jarduera osagarrietan.
dFeria, «erakusleiho ona»
Aurten, 172 profesional bildu dira dFerian, programatzaile,
banatzaile, ekoizle eta kazetariak kontuan hartuz. Beraz,
aurreikuspenen %85 bete dituzte antolatzaileek. Horien arabera, dFeriak
aurkeztutako proposamenek antzokietako arduradunen interesa piztu dute.
Balantzean, «aurtengo azokak ekarri dituen salerosketen aurreikuspenak
baikorrak» direla ziurtatu dute.
Hamabost ikuskizun aurkeztu dira, eta horietako batzuk
erabateko estreinaldiak edo Euskal Herriko estreinaldiak izan dira.
Antolatzaileen esanetan, «horrek erakusten du konpainiek dFeriaren
aldeko apustua egiten dutela, erakusleiho egokiena delakoan».
Zenbait batzarretan antzerkiaren egoeraz gogoeta egin da, eta Itiner Arte-k ere hurrengo azokaren helburuak finkatu ditu.
Dokumentuaren akzioak