Desirari eustea ordena mantentzea da, baina baita izan ditzakegun esperientzia berrien aurrean pareta bat eraikitzea ere. Desira askatzeak, aldiz, gure zentzumenak areagotzen ditu, baina aldi berean, kaosa eragiten du”. Jaiotz Osa eta Xabier Mujikaren hitzak dira; Abundance obraren egileenak. Artista bikoteak argi dauka: printzearen eta printzesaren istorioa desagerrarazi nahi du, monogamia zalantzan jarriz. Izan ere, bizitzeko modu horrek norbanakoaren fantasiak guztiz isilarazi dituela uste dute, hartara, benetako desirak gure buruetan giltzapetuta geratzen direla sinetsita. 

Desira horien inguruan, maitasunaren inguruan… sortzen da Abundance, egun indarrean dirauen pentsamolde erromantikoa ezbaian jartzen duen 55 minutuko dantza garaikidearen obra bat. Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak osatzen duten Osa+Mujika taldearen pieza da Abundance. 


“Desira askatzeak, gure zentzumenak areagotzen ditu, eta aldi berean, kaosa eragiten du”, kontatu dute sortzaileek.

2022ko maiatzean estreinatu zuten pieza artistikoa Donostiako Gazteszena aretoan, baina sorkuntza prozesua askoz lehenago sortu zela dio bikoteak. “Guri beti gustatzen zaigu estudiora joan aurretik dantzariekin ideia asko garatzea eta gidoia oso argi izatea, mugimenduak nondik nora joango diren jakitea, koloreak zeintzuk izango diren eta zein izango den sortuko dugun unibertsoa argi izatea…”. Dantzariekin bi zatitan egin zuten lan; batetik, otsailean, eta, bestetik, apirilean eta maiatzean. Baina ordurako bikoteak bazeukan erabakita zer kontatu. 

Gizarte gaiak dira Osa+Mujikak bere lanetarako ardatz hartzen dituenak; batez ere, buruan dituzten gai horiek dira interesatzen zaizkienak, zuzenean eragiten dizkietenak. Eta hausnarketen erdian erabaki zuten dioten erromantizismo “toxiko” horretaz jardutea: “Azkenaldian asko hausnartzen genuen erromantizismo horri buruz, ikusten genuen oraindik oso presente dagoela bai gizartean, bai literaturan, bai zineman… Eta guk buelta eman nahi genion horri, maitasunari buruzko istorioa beste modu batera kontatu nahi genuen”. Hala, eszenatoki gaineko bost interpreteek jabetza, esklusibotasuna, zeloak eta leialtasuna garatuko dituzte taula gainean, dantza tresna moduan erabilita.

Panorama garaikidean hain ohikoa ez den garrantzia ematen diote koloreari.

Panorama garaikidean hain ohikoa ez den garrantzia ematen diote koloreari. Osa+Mujika

Testuaren laguntza

Dantzarekin asko azaldu daitekeela uste dute Osak eta Mujikak, eta mugimendua bada ere beraien ardatza, askotan, zaila egiten zaie dantza garaikidearen bitartez nahi duten mezua ondo helaraztea; abstraktuegi geratzen zaie dantza, eta beraiek nahi dutena ikusleak ondo ulertzea da zertan dabiltzan. Horregatik, Abundance obran, testutxo zati batzuk sartu dituzte, galdera, esaldi edo mezu zehatz batzuk erabilita. 

Dantza garaikidean askotan pieza bat sortzerakoan, ez dagoela helburu zehatz bat uste du Osak eta Mujikak osatzen duten bikoteak, “edo, agian, sentsibilitatea edo edertasuna bezalako gaiak jorratzen dira, edo mugimenduari berari soilik ematen zaio garrantzia”. “Noski dela garrantzitsua mugimendua, baina istorioa ere garrantzitsua izaten da askotan. Osa+Mujikari kaleko istorioak taularatzea gustatzen zaio, kalean dauden kezkak plazaratzea. Eta dantzaren bitartez, publikoari gai horiei buruzko galderak sorraraztea, erantzunik gabe. Zerbait piztea bilatzen du ikuslearengan.

Garrantzia handia eman diote baita eszenografiari eta janzkerari, modu horretan publikoa erabat erakarrita. Asko landutako estetika dauka oinarri, boteretsua bezain koloretsua, eta mezua ere bide beretik doa: indartsua eta zuzena da.

'Abundance' lanaren une bat.

'Abundance' lanaren une bat. Osa+Mujika

Koloreen indarra

“Obra oso plastiko bat” bezala irudikatzen dute, zeinetan kolorea asko lantzen den. Haur baten irudimenetik sortutako obra batez gozatuko du Abundance lana ikustera bertaratzen denak; alegia, “oraindik orain ipuinetan haurrei nola erakusten zaien printze eta printzesaren figura” erakutsiko dio publikoari dantza piezak.  

Haur baten irudimenetik sortutako obra horretan, baina, umerik ez da eszenatokira igoko; bai, ordea, pertsona heldu bat. Lehen aldia da Osa+Mujikarentzat pertsona heldu batekin lan egiten dutena, baina berebiziko garrantzia eman nahi izan diote, uste dutelako, normalean, dantza garaikidean espazio gutxi duen jendea dela. Horren aurrean, piezak gizarteak zahartzaroarekiko duen ikuspegi negatiboarekin amaitzea du helburu. Eta horren aurkako diskurtsoetatik ihes eginda aterako da taula gainera adineko pertsona boteretsua. “Berak, askatasun osoz eta bere urteek emandako esperientziatik abiatuz, belaunaldi berriari desioen unibertso honen berri emango dio, beren kabuz erabakiak hartzeko trebatuz”.

Adin ezberdinetako jendea ez ezik, jatorri anitzeko jendea ere elkartu du taula gainean Osa+Mujika taldeak. Kenhofobia lanarekin hasi ziren lehen aldiz jaioterri ezberdinetako dantzariekin lan egiten, eta ordutik argi izan dute era eta jatorri ezberdinetako dantzariekin lan egiten jarraitu nahi dutela.

Donostian estreinatuta, espainiar estatura eraman zuten Abundance obra iaz; hain justu, Huescan eta Valladoliden egon ziren. Aurten, baina, Euskal Herrian hasi dute bira, eta, momentuz, behintzat, bertotik ibiliko direla iragarri dute. Sopelan, Barakaldon eta Eibarren izan dira eta martxoaren 26an, Lezon egongo dira. “Oso pozik” daude Euskal Herriko txokoetara iristen ari direlako; izan ere, aurreko piezekin ez dute zorte bera izan. 

“Badirudi Euskal Herrian ondo funtzionatzen ari dela obra, nahiz eta oraingoan aukeratu dugun gaia pixka bat arriskatua izan eta duen kontatzeko modua ere indartsua eta zuzena izan”. Publikoaren erantzunarekin ere pozik dira piezaren egileak. “Lehen begi bistan harritu egin daiteke publikoa, oihala zabaltzerakoan dantza garaikidean ohikoa ez den panorama bat ikusten dutelako, bisualki koloreekin lan egiten dugulako”. 

'Abundance' lanaren une bat.

'Abundance' lanaren une bat. Osa+Mujika

Gizartearen kezkak, taulara

Euskal Herrian sortzaileak asko egon badaudela diote, baina azaldu dutenez, ez dago guztientzako tokirik. “Zaila da, pieza bat behin estreinatzen duzunean, nahiz eta lan asko egin eta nahiz eta pieza ona izan, ez dago tokirik, eta asko borrokatu behar da lana jendaurrean aurkezten jarraitu ahal izateko”. Euskal Herrian tradizioaren zama dagoela uste du Osak; alegia, uste du jendea ez dela antzokietara joaten oso klasikoak diren obrak egiten dituztelako, eta askotan, zaharkitutako istorioak kontatzen dituztelako. Uste dute, gainera, programatzaileei kosta egiten zaiela ezberdinak diren piezak antzokietara eramatea; aldiz, publikoa oso prest ikusten dute bestelako gaiei buruz hitz egiteko, eta ohikoak ez diren gaiak jorratzen dituzten obrez gozatzeko. Beraien aldetik, behintzat, argi utzi dute eurentzat garrantzitsuak diren gaiei buruz kontatzen jarraituko dutela.

“Haur baten irudimenetik sortutako obra da ‘Abundance’, printze urdinaren eta printzesaren figurekin”.

Momentuz, behintzat, Abundance-ek kontatzen duena kontatzen jarraituko dute, ez baitaukate asmorik beste obra berri bati bide emateko oraingoz. Iazko irailean kalerako beste ikuskizun bat estreinatu zuten, Bueltaxka, eta, beraz, bi obra horiek ahalik eta toki gehienetara eramatea da asmoa. Sortzeko gogoak pixka bat lasaitu nahi dituzte, eta indar guztiak jarri bi obra horietan. “Askotan, industria honetan, badirudi urtero zerbait sortu behar dela, baina guk Abundance eta Bueltaxka obrei nahi diegu eman tartea, emanaldiekin gozatu eta datorren urtean ere segi bi obra horiei espazioa eta indarra ematen”.

Osa + Mujika

Osa+Mujika Jaiotz Osa eta Xabier Mujikaren arteko topaketa artistikoa da. Bi mundu sortzaileren arteko elkartzea da: batetik, dantza, eta, bestetik, jantzigintza/eszenografia. Osa dantzaria eta koreografoa da, eta, Mujikak, aldiz, jantziak eta espazio eszenikoak diseinatzen ditu. Bien artean sortzen duten taldearen helburua bisualki indartsuak diren istorioak kontatzea da, buruan dituzten irudiak sortzea, hauei forma eta zentzua eman eta mugimenduaren bidez nahiz formatu audiobisualetan garatzea. Osa+Mujika dantza eta ikus-entzunezko arteetan dituzten interesak asetzeko sortu da. 2017an sortu zuten Osa+Mujika, eta ‘Suddenly’ pieza izan zen beraien aurreneko lana. Geroztik, era anitzetako lanak egin izan dituzte: ‘Suddenly lll’ antzokirako obra, ‘Produto’ (the film) bideodantza, ‘Kenophobia’ hiru dantzariren lana, ‘Expectations will not kill you’ ezohiko espazioetarako duoa, ‘Loser’ bakarkako lana…  

Abundance-eko taldea

Zuzendaritza: Osa+Mujika

Dramaturgia + Koreografia: Jaiotz Osa

Interpreteak: Cristina Aldasoro, Carlos Ojeda, Maddi Ruiz de Loizaga, Rafke Van Houplines, Jaiotz Osa

Jantziak + Eszenografia: Xabier Mujika

Argiztapena: Alvaro Estrada

Musika: Gartxot

Argazkiak: Mariló Miguez

Bideoak: Etanowski