Dokumentuaren akzioak
Desberdintasuna dantzan
EliralE dantza taldeak 'H' izeneko ikusgarria estreinatuko du 18an, Saran, eta gaur entsegua eginen du Errenterian
H sorkuntzarako bi liburu izan dituzte inspirazio iturri. Batetik, Amaia Hennebutte-Millarden Himalayajavakaputazidiburrina ipuin liburua, eta, bestetik, Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak liburuko Beste bizitza narrazioa. Biek norberaren eta besteen arteko harremanak jorratzen dituzte nonbait. Kanpoko eraginak. Batzuetan onerako, bestetan txarrerako. Konpainiaren desafioa idatzi horiek, istorio horiek mugimendu bilakaraztea zen. Eta hala egin dute konpainiako lau dantzariek, edo, Telleriak dioenez, lau «interpreteek».
Telleriak batak eta besteak egin ekarpenak azpimarratu zituen atzo, hain zuzen, prentsari egin aurkezpenean. Joxelu Berasategik hitza ekarri dio ikusgarriari. Jose Cazaubonek kantuarena, eta Arantxa Lannesek, «freskotasun» bat pertsonaiari. Hortaz, Telleriak talde lana goraipatu zuen, dantza talde bat baino gehiago «gizaki talde» bat dela zehaztu, eta hori horrela gelditzea espero duela geroan ere. Dantzariez gain, beste anitzek ere parte hartzen baitute proiektuan.
Halere, koreografoak aitortu zuen, ikusgarriaren gauzatzea ez dela «erditze» erraza izan aldi honetan. Egonaldiz egonaldi, nondik jo ez zekitela ibili ziren urtarrila arte. Eta ondotik, besteak beste, LagunArteko Christophe Hiriarteren musikaren bidez, pistak argituz joan ziren. Telleriak azaldu zuen, halaber, hasieratik konpainiarekin dabilen Javi Ullak ere, bere aldetik, argien jokoarekin arras sentitu duela obraren izpiritua, eta argien garrantzia azimarratu zuen, eta nola argiek dena edertu edo, alderantziz, dena zapuztu dezaketen.
Horretaz guztiaz gain, haurrekin anitz eta aspalditik lan egiten du konpainiak, eta santza hori ere baliatu dute aldi honetan, ikusgarriaren eraginkortasuna berresteko. Haurrek ez dutelako gezurrik erraten, Jose Cazaubonek baieztatu zuenez. Ez badute gustuko, segidan ageri da. Berdin, zerbait tragiko bilakarazi nahi baina haurrak irriz karkailaka hasten badira, horrek bidea zuzentzekoa ematen diela ere gaineratu zuen Telleriak.
ELiralE taldeko Jose Cazaubon, Pantxika Telleria eta Arantxa Lannes, H ikusgarriaz atzo prentsari eman aitzin dastan. / BOB EDME
Dokumentuaren akzioak