Dokumentuaren akzioak
Derioko baserri antzokia Aiko taldearekin dantzan arituko da
Ostiralean emango zaio hasiera, Aikoko musikariek eta dantza maisuek gidatuko duten Dantzaldi Erromeriarekin
Seminario zaharraren atzealdean, Bizkaiko Teknologia Parkean, dagoen Baserri Antzokiak berriztatu egin du, gaur egun programazioa duten udalerrietako kultur eragile gisa dagoeneko finkatuta dauden kafe antzokietan duela urte batzuk martxan jarri zen kontzeptua, eta aisiara eta kulturara zuzendutako azpiegitura berritzailea eskaintzen du. Oraingo honetan, fundazioa Totoanetik (Euskararen aldeko Txorierriko Elkarteen Federazioa) eta Sondikako, Loiuko, Derioko, Zamudioko, Lezamako eta Larrabetzuko udalek osatzen duten Txorierriko Zerbitzu Mankomunitatetik sortu da.
Hilabete honetatik aurrera, AIKO Taldeak bat egingo du euskal kultura sustatzeko lan horrekin, Baserri Antzokia Txorierriko bere “egoitza” bilakatuz, abenduaren 30ean, ostiralean, martxan jarriko den etengabeko kultur agenda martxan jarriz. Egun horretan erromeria herrikoia antolatu eta ‘Dantzazaleak’ argazki erreportajea inauguratuko da. Datorren urtean dagoeneko, asteartean, urtarrilaren 3an, JOTA EGUNA ospatuko da, eta bertan, espezialitate horri buruzko dantza tailerra eskaintzeaz gain, ‘Jotamentala’ dokumentala emango da. Azkenean, urtarrilaren 10ean hasiko dira asteroko dantza eta kantu ikastaroak.
Abenduak 30 – Urteko azken erromeria eta argazki erakusketa
Kultur lankidetza handi horri hasiera emateko, AIKOk Baserri Antzokia aukeratu du bere urteko azken erromeriaren agertokia izan dadin. Abenduaren 30ean izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Zuzeneko musika izango duen jaia izango da, eta bertan, taldeko irakasleek parte hartzera gonbidatuko dute jende guztia, inoiz dantzan egin ez dutenei ere lehenengo pausoak ematen irakatsiz. Egun horretan bertan inauguratuko da Iñaki Andresek Aikok antolatu dituen ikastaroetan eta erromerietan hartutako argazkiz osatutako ‘Dantzazaleak’ erakusketa, taldearen hamar urteko ibilbidean jarraitzaile izan dituzten milaka ‘dantzazaleak’ omentzeko. Erakusketa urtarrilaren 30era arte bisitatu ahal izango da.
Urte berriko jarduera urtarrilaren 3an, asteartean, hasiko da, JOTA EGUNAren
ospakizunarekin. Euskal Herrian eta kanpoan ere oso ezaguna den dantza horren hedapen didaktikora eta pedagogikora zuzenduta egongo den jardunaldia izango da. Alde batetik, jotari eskainitako dantza tailerra eskainiko da, eta oinarrizko nozioak eskainiko dira dantza horretan lehen pausoak eman nahi dituztenei zuzenduta: testuinguru koreografikoa, oinarrizko pausoak, erritmo aldagaiak, posizioak, etab. Ondoren pauso konplikatuagoak landuko dira, esperientzia gehiago duten ikasleei zuzenduta. Beste alde batetik, joan den otsailean Bilbon estreinatu zen eta Euskal Herriko hainbat herritan ikusi ahal izan den ‘Jotamentala’ dokumentala eskainiko da. Lan horretan jotaren historia erakusten da, bekatuarekin lotutako zerbait gisa ikusia izatetik dantza ezagunenetakoa izatera zelan pasatu den azalduz. Dokumentala egiteko, AIKOk Cesc Gelabert edo Jon Maya bezalako dantzarien eta koreografoen eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena bezalako ikerlarien laguntza eta testigantzak jaso ditu.
DANTZALDI IBILTARIA eta KANTU IKASTAROA, astearteetan, urtarrilaren 10etik ekainaren amaierara arte
Aikok antolatuko dituen jardueren parte garrantzitsuena urtarrilaren bigarren astean helduko da, DANTZALDI IBILTARIA klaseen hasierarekin. Duela zenbait urtetik Bilbon, Donostian, Galdakaon, Durangon, Markina-Xemeinen, Berastegin eta Gernika-Lumon eskaintzen den dantza ikastaro egonkor horrekin 4.000 zale baino gehiagok dantzan egiten eta dantzaz gozatzen ikasteko aukera izan dute. Derion, hitzordua astearte guztietan izango da, ekainera arte, saio bikoitzean, ikastaroak bi mailatan (hastapena eta hobekuntza) emango baitira: arratsaldeko 18:00etatik 19:30era lehenengo pausoak eman behar dituztenentzat; eta 19:30etik 21:00etara aurretik ezagutzak dituzten zaleentzat. Sabin Bikandi, musikari eta dantza maisua, eta Katalin Zarate (Lezama, 1995), musikari eta dantzaria, izango dira Baserri Antzokian ikastaroa emango dutenak.
Horrez gain, AIKO Taldeak bere Kantu Ikastaroa ere eskainiko du astearteetan. Ikastaro horretan parte hartuko dutenek Euskal Herri osoan jasotako melodia tradizionalak interpretatzen ikasiko dute, Itsaso Arrietaren eskutik. Irakasleak urteak eman ditu musika biltzen eta ikertzen, eta espezialista da Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisioan. Ikastaroaren helburua “Euskal Herriko abesti bilduma aberatsa” zabaltzea eta ezagutaraztea da, “koplak, baladak, bertsoak, dantzatutako kantuak eta abestutako dantzak barne”. Klaseetan, abesti bakoitza bere testuinguruan azalduko du, haren esanahian eta sinbologian sakontzeko eta euskararen gozotasunaz edo zorroztasunaz jabetzeko.
Dantza zein kantu ikastaroen matrikulako prezioa 110 eurokoa izango da (85 eurokoa Baserri Antzokiko bazkideentzat eta 14 eta 29 urte arteko gazteentzat). Lehenengo harremana izan nahi dutenentzat, ikastaroak doakoak izango dira urtarrilean, eta ondoren ikastaro osorako matrikulatzeko aukera izango dute. Matrikulazioa www.aikotaldea.eus webgunearen bitartez, bulegoa@aikotaldea.eus helbide elektronikoan edo 634 423 539 telefono zenbakira deituz egin ahal izango da.
Derioko baserri antzokia Aiko taldearekin dantzan.
Dokumentuaren akzioak