Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Denok dantzan, bihar, Errenteriako erromerian

Dokumentuaren akzioak

Denok dantzan, bihar, Errenteriako erromerian

Laugarren urtez antolatu du jaia Ereintza elkarteak

Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2002/07/12

Dantza ez egiteko aitzakiarik ez dute onartuko bihar Oreretan. Goizeko 11etan jarri dute hitzordua Esmalterian; handik kalejiran abiatuko dira guztiak, eta eguerdian dantza erakustaldia egingo da Zumardian.

Kiroldegian bapo bazkaldu eta arratsaldeko 18.00etan emango zaio hasiera erromeriari eta ez da atsedenik izango gaueko 21.30ak arte. Ondoren, 23.00etan, Okzitaniako Lou Seriol eta Alaitz eta Maiderren kontzertua izango da.



Lou Seriol taldeak hainbat euskal doinu joko ditu, eta, gainera, dantza maisu bat lagun dutela, Okzitaniako herri dantzak erakutsiko dituzte talde horretako kideek. Patxi Perez maisua ere izango dute laguntzaile eta iaz egin bezala, bi maisuen artean plaza dantzan jartzea izango dute helburu.



Egunean zehar, berriz, Edurne Iturbe eta Oihana Irastorza trikitilariak, Juan Mari Beltran, eta Luis eta Joxe Mari Astiazaran anaiak, dultzaina eta trikitiarekin, arituko dira. Ibon Koteron albokaria, Uranzu taldeko dultzaineroak, Ereintza elkarteko txistulari taldea eta Zubietako zanpantzarrak ere hurbilduko dira Oreretako erromeriara.



Dagoeneko laugarren urtea da Ereintza elkarteak Erromeria Eguna antolatzen duena. Helburua, garai batean nonahi egiten ziren erromerien usadioa berreskuratzea da, gaur egun oso bakanak baitira Euskal Herrian. «Inork prestatu gabe, bere kasa egitea nahiko genuke, lehen gertatzen zen bezala», azaldu zuten antolatzaileek erromeriaren aurkezpen egunean.



Erromeria, plazara joan eta oholtza gainean dantzan ari direnei begira egoteaz gain, jendeak parte hartzeko festa izatea nahi dute Ereintzakoek. «Dantzak festa egiteko, ondo pasatzeko eta harremanak izateko balio izan du, eta dantzari beste zentzu hori gaineratzea» garrantzitsu jotzen dute. Beraz, jai giroan egunpasa egiteko aukera ederra bihar Oreretan.

Dokumentuaren akzioak