Tempus fugit dantza emanaldi ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dute domekan Amaia antzokira joaten direnek. Tempus fugit latinezko esamolde bat da, denborak ihes egiten du esan nahi duena. Hala, Zaragozako La Mov konpainiaren Tempus Fugit dantza ikuskizunak denboraren joana edo denborak ihes egitea du oinarri. Hori lortzeko, ikuskizuneko mugimenduak "ikusgarriak, dinamikoak eta muturrekoak" direla adierazi dute dantza konpainiakoek.
Denbora irudikatu
Denboraren joanari buruzko hausnarketa hori pertsonalizatu nahi zuen Aragoiko LaMov konpainiaren zuzendari Victor Jimenezek, eta hori izan da abiapuntua Tempus fugit ikuskizuna osatzeko. Horrekin batera, dantzarien mugimenduekin bat eginez, Antonio Vivaldi musikagilearen Lau urtaroak pieza izango du musika-euskarri gisa, Max Richterrek eta Jorge Sarnagok berrikusita. Dantzariak "arlo fisikoaren eta teknikoaren mugara" iritsiko dira saioan, LaMov dantza konpainiakoen arabera. Gaineratu dute Tempus fugit ikuskizunari esker "bizitzaren bidaia frenetiko, zirraragarri eta mingarrian" murgildu ahal izango direla ikus-entzuleak".
Dantzari handiekin osatuta
Victor Jimenez izango da ikuskizunaren zuzendari artistikoa. Madrilgo Arte Dramatiko eta Dantzako Errege Kontserbatorioan Dantzan lizentziaduna da Jimenez, eta Madrilgo Arte Dramatiko eta Dantzako Errege Kontserbatorioan aktore-prestakuntza jaso du. Gainera, Victor Ullateren konpainiako dantzari ohia da, Maurice Bejarten ikasle zuzena eta Lyongo Operako dantzari bakarlaria. Curriculum horrekin eta eszenatokian izango diren dantzariekin lan bikaina osatu du. Honako hauek izango dira oholtza gainean arituko direnak: Mattia Furlan, Elena Gil, Paula Rodriguez, David Serrano, Alain Rivero, Imanol Lopez, Laura Lopez, Jimena Martinez eta Fatima Alcantara.
Ibilbide luzeko taldea
Aragoiko hiriburuan egoitza duen LaMov dantza konpainia 2008tik dago aktibo, eta Victor Jimenezen gidaritzapean ikuskizun ugari egin ditu. Haren gidaritzapean gauzatu dituzte El Trovador, Lo que el cuerpo no recuerda, Payasos divinos, Forget-forgot-forgotten, Futile, Momenta, La Cenicienta, El cascanueces, Terrenal, Tempus fugit, La voz eterna eta El lag.