Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Denboran eta uretan

Dokumentuaren akzioak

Denboran eta uretan

Obrak: 'El cielo ahora' eta 'Pereza'. Lekuak: Donostiako Intxaurrondo eta Gazteszena aretoak. Eguna: Martxoak 10.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2015/03/12
Lotura
Berria

Donostiako dFerian izan dut Olatz de Andresen azken lana berriz ikusteko parada. Aspaldian ez nuen haren ibilbidearen berri, eta Bilboko BAD jaialdian egon zenean, nolabaiteko garapen bat sumatu nuen bere proposamenean.

El cielo ahora izeneko piezak gogoeta egiten du gizakiaren eta denboraren arteko harremanaz —gizateriaren iraganaz eta geroaz—, eta koreografiak El Conde de Torrefiel performance arloko espezialista katalanen laguntza jaso du dramaturgia arloan. Gainera, elkarlan aberasgarrien kontua ez da hor bukatu, atzeko horman talde bereko Pablo Gisberten testu laburrak proiektatu baitira aldian behin, etorkizuneko zein iraganeko jende arruntaren balizko solasaldiak irudikatuz.

Dantzaren diseinua talde eskultorikoen eraketan zentratu da nagusiki, estatuei dagokien erabateko geldotasuna ezarriz eta geldotasun hori espazioan zehar mugiaraziz, horrela sinbolizatuz gizakiok sortutako irudiek mendeetan jasan eta jasango dituzten eraldaketak. Bide horretatik, greziar frisoen antzera mugitu dira dantzariak —Idurre Azkue, Pilar Andres, Isaak Erdoiza eta Olatz de Andres bera—, eta irudi plastiko esanguratsuak eratu dituzte historiako une batzuen kontura.

Atsegina eta polita izatea dira lan honen bertute nagusiak, eta haiekin batera gizakiaren gaineko gogoeta ekartzea. Ez da gutxi gero! Baina, aldi berean, kontuan hartzekoa da ikusle trebatuek esaldi koreografiko gozo gutxiago eta denboraren kudeaketa hobea eskertuko luketela, norberaren gogoetarako pausaldiak noizbehinka tartekatuz eta koadro bakoitzeko indarra ahitu arte ez luzatuz.

Jarraian etorritako Igor Calongeren Pereza araztasun osoaren bideetatik ibili da, dantzaren purutasunari men eginez. Gazteszenako eszenatokia urez estalita agertu da, eta bertan azaldu da Igor, zeharo biluzik, erabateko isiltasunean eta atzeko pantailaren kontrargi betean. Oinekin emandako urrats pausatuek uhin perfektuak sortu dituzte uraren azalean, eta horrela geratu gintezkeen gu guztiok, edertasun liluragarri hari begira eta areto osoko begirune magikoan bilduta.

Koreografoak, baina, beste karta asko zituen maukarik gabeko bere besoetan, eta Beñat Urretabizkaiarekin batera eboluzio orbangabeak eta uretatik irtendako hots txikiak distilatu dituzte, praka estuak jantzita, enborra agerian eta gorputz osoa bustita ibili diren bitartean.

Edertasun gaindiezinezko maisulan honetan estetika maskulinista eta efektismoak nagusitu zitezkeen, baina hasieratik gainditu da balizko arrisku hori, koreografoa determinazio osoz zentratu baita arte hutsaren bilaketan, kontzesiorik egin gabe eta bi dantzarien prestakuntza fisko itzelean oinarrituta. Horren adibide izan dira batak zein besteak egindako solo harrigarriak eta bien arteko indar erakustaldia, inoiz baino agerikoa izan dena Igorrek Beñaten gorputz horizontala uretatik eta jasoaldi bertikalean atera duenean, Terminator baten estoizismoarekin.

Dokumentuaren akzioak