Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dena prest dute inauteri giroan murgiltzeko Lizartzan

Dokumentuaren akzioak

Dena prest dute inauteri giroan murgiltzeko Lizartzan

Udal ordezkariak eta txekorra plazan izango dira larunbatean, gibela dastatuko dute etzi

24. aldiz Otsolar Dan-tza Taldeak Lizartzako inauteriak antolatu ditu. Egitarau oparoa prestatu dute hilaren 18 eta 19rako, baina larunbat honetan aspaldiko ohitura jarraituz gibela dastatuko dute.
Egilea
E.B.
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Lizartza
Mota
Albistea
Data
2017/02/03
Lotura
Diario Vasco

Eguerdiko 12:00etan, jarri dute hitzordua inauteriei hasiera emateko. Ordu horretan gibela dastatuko, Udal ordezkariak eta txekorra plazan direla. Ondoren, antzerkia eta Otsolar dantza taldearen emanaldia izango da. Iluntzeko 19:00etan, kantu poteoa herriko inauteri kantuak abestuz.

Ekitaldi ugari hurrengoan ere

Inauteri giroa asteburu honetan zabalduko dute lizartzarrek baina hurrengoan ere izango da zer ikusi herrian. Hilaren 17an, ostirala, arratsaldeko 14:15ean, eskolak antolatuta mozorro festa eta kalejira izango dira. Larunbatean, hilak 18, goizeko 7:00etan, Plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. 'Diana' abestuz hasiko dute inauteria lizartzarrek. Ondoren, puske-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik abiatuta. Goizeko 10:00etan, Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko. Eguerdiko 12:00etan, Mozorro, gurdi eta txarangen irteera Errota ataritik. Gero, 13.30ean, inauteri partaide guztien kalejira, Arrateko zubitik irtenda izango da. Ondoren, denok elkarrekin bazkalduko dute herriko frontoian.

Arratsaldeko 18:00etan, gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko, bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta 'Lizar-tzako talogileak' egindako taloak jateko aukera izango da.

Hilak 19an, goizeko 11:00etan, Meza Nagusiaren ondoren, hamaiketakoa izango da plazan. Eguerdiko 12:00etan, dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren, Lizartzako Ihaute Dantzak plazan.

Arratsaldeko 14:00etan, inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangaz alaiturik. Ondoren, Tio Teronen semeak dantza taldearen emanaldia. Iluntzeko 20:30ean, Plazan ijitoa errez inauterien amaiera izango da.

Tio Teronen semeak bertan

Otsolar dantza taldekoek aditzera eman dutenez «aurtengo inauterien berrikuntza moduan, igandeko bazkalostean 'Tio Teronen Semeak' taldearen dantza emanaldia antolatu dute. Euskal dantza tradizionalari buelta eman eta umorea nahasten dute bere ikuskizunetan. 'Freshcool' emanaldiarekin Euskal Herri osoko plazak zeharkatu ondoren, Lizartzako pilotalekuan izango dira igandeko bazkalostean. Giro ederra sortuko dutela adierazi digute antolatzaileek eta herritar zein eskualdeko guztiak gonbidatu nahi dituzte bazkari ederra dastatu eta emanaldiaz gozatzera».

Gainerakoan, urteroko ohiturek ez dute lekurik faltako primeran pasatzeko Lizartzan.

Dokumentuaren akzioak