Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Debagoieneko Dantzari Eguna, giro ederrean

Dokumentuaren akzioak

Debagoieneko Dantzari Eguna, giro ederrean

Egilea
Julen Iriondo M. de Zuazo
Komunikabidea
Goiena
Mota
Albistea
Data
2022/04/30
Lotura
Goiena

Azkenekotik hiru urtera, berriro ospatu dute gaur, Aretxabaletan, Debagoieneko Dantzari Eguna. Etxekoekin batera, Arrasateko, Oñatiko eta Antzuolako dantzariak batu dira festara, 200 inguru denera.

Dantzariek bazuten gaurko eguna berriz ere ospatzeko gogoa, bai eta Aretxabaletako plazara bildu diren herritarrek ere halako ikuskizunaz atzera ere gozatzekoa. Azken bi urteotan pandemiak eragotzi ostean, Leizarra dantza taldekoek antolatuta egin dute eskualdeko dantzarien eguna.

Antzuolako Oinarin, Oñatiko Oñatz eta Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz izan dira, etxekoekin batera, Dantzari Egunean. Kalejira txiki bat egin dute aurrena, jendea plazako ekitaldi nagusira deitzeko. Behin han, mutilen eta nesken dantzak eta mistoak egin dituzte, bizpahiru bakoitzetik, eta baita herri bakoitzak eramandako dantza berezia ere. Denek batera larrain-dantza eginez amaitu dute saioa.

Leizarra dantza taldeko arduradun Mikel Arce pozik zen amaieran egunak emandakoarekin: "Oso ondo egon da: eguraldi honekin, ia 200 dantzari eta musikari; gainera, plaza gainezka. Beraz, egun dotorea". 

Dokumentuaren akzioak