Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Datorren kulturaren lorratza

Dokumentuaren akzioak

Datorren kulturaren lorratza

BERRIAren babesarekin, Bilboko Loraldia jaialdiak egun osoko programa antolatu du Zorrotzaurren etziko, hainbat diziplinatan dabiltzan gazteen lanak erakusteko
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2022/03/10
Lotura
Berria

Kresala konpainiako hamar dantzarik hartzen dute parte etzi estreinatuko den <em>Aztarnak, mihisean dantzan</em> ikuskizunean.

Dantzariek airean uzten duten lorratz ahula harrapatzea da Kresala konpainiaren Aztarnak, mihisean dantzan emanaldiaren erronka. Hamar dantzari jarriko dituzte dantzan oihal zuri baten gainean, guztiek eskuak eta oinak pinturan bustirik dituztela. 1990eko hamarkada inguruan ere egin zuten antzeko saiakeraren bat konpainiako kide izandakoek, eta, esperimentazio bide hori hartuta, ia ordubeteko emanaldia osatu dute orain; dantzaren eta arte plastikoen bidegurutzean. Etzi izango dute erabateko estreinaldia Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan.

Gaur hasi dira aurtengo programarako prestatutako ekintzak, Juan Carlos Egillor artistari eskainitako bisita gidatuarekin, bihar Hautsi da anphora diskoa gogoratuko dute Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak Euskalduna jauregian, eta egun osoko emanaldi programa antolatu dute Zorrotzaurre auzoko Terminal gunean larunbatean. BERRIA egunkariaren laguntzarekin. Kresalako dantzarien ikuskizunak ez ezik, egun horretako egitaraua osatuko dute Bilbronx izeneko hip-hop tailerrak, poesia, musika eta artea uztartzen dituen Gorpuztu ikuskizunak, Xanti Agirrezabalaga aktorearen Satiro bakarrizketak, J Martina taldearen kontzertuak eta DJ Noemiren saioak ere. Bost euroko sarrera bakar bat izango da, emanaldi guztietara sartzeko aukera emango duena.

«Garbitasuna da hasieran gailentzen dena», azaldu du Josu Sagardia dantzariak. Izan ere, oihal zuriaren gainean, zuriz jantzita arituko dira dantzariak, baina, pixkanaka, emanaldiak aurrera egin ahala, hankak beltzez margotzen dituztenez, eta dantzan dabiltzanez, orbanak eta marrak agertuz joango dira zurigunean. «Gure aztarna utziko dugu».

Linolio zuri gainean arituko dira dantzariak, zehazki, eta lurrean egongo da beti. Ikusleek, beraz, dantzariek sortu ahala ikusi ahalko dute margolana. Banaka arituko dira dantzariak, baita, tarteka, bikotean, seinaka edota hamarrak batera ere. «Euskal dantzako urrats asko daude», azaldu du Sagardiak, «azkenean, hori delako gure oinarria, baina dantza garaikidea da gailentzen dena».

1968an sortu zen berez Kresala konpainia Donostian, euskal dantzak ardatz hartuta, eta ibilbide luzea egin du geroztik. Egun, 30 kide ditu, eta haietako hamar arituko dira Aztarnak, mihisean dantzan ikuskizunean: Sagardia, Maria Perez, Pablo Zurutuza, Claudia Erentxun, Oier Goikoetxea, Naia Lertxundi, Marta Buendia, Aitor Egaña, Irati Martikorena eta Markos Murua; guztiak, 20 eta 25 urteren bueltan dabiltzanak. Faustino Aranzabalek zuzendu du lana, eta hark sortu ditu koreografiak ere. Dantza doinuekin batera, musika pasarte abstraktuagoak ere entzungo dira emankizunean, eta baita Joxean Artzeren eta Jorge Oteizaren ahotsak ere, uneren batean.

Dokumentuaren akzioak