Dokumentuaren akzioak
Datorren astean izango da ‘Dantza’ zinema aretoetan
Telmo Esnal zinema zuzendari zarauztarraren azken filma ikusgai izano da areto nagusietan datorren ostiraletik, abenduaren 21etik aurrera.
Eskualdeko zinema aretoetan Dantza ikusteko aukerarik oraindik izango ez den arren, Euskal Herrian, ondoko aretoetan eskainiko dute: Zornoza Aretoa (Amorebieta), Usurbe (Beasain), Golem Alhondiga (Bilbo), Multis (Bilbo), Arriola (Elorrio), Torrezabal (Galdakao), Zinemak (Getxo), Yamaguchi (Iruña), Dock Cine (Portugalete), Niessen (Errenteria), Principe (Donostia), Leidor (Tolosa), Florida (Gasteiz), Gorbeia Zinema (Gasteiz).
Euskal Herritik kanpo ere zenbait aretotan eskainiko dute: Bartzelonan (Herrialde Katalanak), Madrilen (Espainia) edo Valentzian (Herrialde Katalanak) esaterako.
Honela dio Dantza filmaren sinopsiak:
"Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa.
Bizitzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die. Bizitza erritmoa da!
Gai unibertsalak, hemen sinbologia berezi batez jantziak. Dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokiona. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat."
Dokumentuaren akzioak