Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzertik kaleko arteen inguruko 'Arrakala' jardunaldiak egingo ditu Bilbon

Dokumentuaren akzioak

Dantzertik kaleko arteen inguruko 'Arrakala' jardunaldiak egingo ditu Bilbon

Kaleko arteen inguruko mahai-ingurua, tailerrak, dantza erakustaldiak eta kale antzerkia izango dira gaurtik igandera.
Egilea
Maitane Legarreta
Komunikabidea
Gaztezulo
Mota
Albistea
Data
2022/03/25
Lotura
Gaztezulo

Dantzertik kaleko arteen inguruko 'Arrakala' jardunaldiak egingo ditu Bilbon

Dantzertik, Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak, Arrakala izeneko jardunaldiak egingo ditu, seigarrenez,  gaurtik igandera bitarte. Aurten kaleko arteak izango dituzte ardatz, eta horien inguruan egitarau oparoa prestatu dute, mahai-inguru, tailer eta ikuskizunez osatua. Eskarmentu handiko konpainia eta profesionez gain, ikasleek ere parte hartuko dute Bilbon izango den ekimenean. 

Bihar, larunbata, kaleko antzerkian aritzen diren lau antzerki konpainia elkartuko dira mahai-inguruan: Hika Teatroa, Deabru Beltzak, Markeliñe eta Hortzmuga. Euskal Herriko kaleko arteak: iragana, oraina eta etorkizuna gaiaren inguruko gogoetak partekatuko dituzte talde hauetako kideek.

Tailerrak ere egingo dituzte gaur eta bihar. Horietako bat Natalia Monge Getxoko dantzariak emango duena izango da. Kaleko dantzaren inguruko metodologia eta ezagutza zabalduko du parte-hartzaileen artean. Antolatzaileek adierazi dutenez, "mota honetako ikuskizunetan garrantzirik handiena duen alderdietako bat jorratuko du: ikusleen eta dantzarien arteko hurbiltasuna". Gainera, arnasketaren kontzeptua ere landuko du Mongek, bere azken ikerketa koreografikoetan egin duen legez.

Bigarren tailerrean kaleko antzerkia jorratuko da. Antolatzaileen hitzetan, "Hortzmuga konpainiak kale-antzerkiarekiko duen grina eta kaleko ezaugarrietara egokitzeko duen erraztasunaren eta trebetasunaren berri emango die ikasleei".

Jardunaldiei amaiera emateko, tailerretan parte hartzen duten ikasleek bi egunetako lan-saioetan egindako lanaren lagin bat eskainiko dute, artista irakasleekin batera. Dantza erakustaldia Ibarrekolanda plazan (Dantzerti aurrean) izango da bihar, larunbata, 19:00etan. Kale antzerkia, berriz, Areatzan izango da, igande eguerdian.

Euskal Herriko kaleko arteen inguruan gogoeta egitea dute xede, eta "kaletik bertatik horiek bizi eta gozatzea". Jardunaldiak eskolako ikasleen, arte eszenikoen sektore profesionalaren eta herritarren elkargune bilakatzea da asmoa. "Kaleko arteek geurean izan duten garrantzia azpimarratu nahi dugu; beren etorkizun hurbilaz hausnartu eta belaunaldi berriei horien gaineko ezagutzak helarazi", azaldu du Dantzertik. 

Dokumentuaren akzioak