Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskolak 2024-2025 ikasturteko inaugurazio ekitaldia egin du aste honetan Bilboko Campos Eliseos antzokian, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua buru zela. Goi mailako bi titulazio eskainiko ditu, Arte Dramatikoko Gradua eta Dantzako Gradua, hain zuzen, eta 91 ikasle izango ditu.
Begoña Pedrosak inaugurazio ekitaldian nabarmendu duenez, "Euskadik arte dramatikoko eta dantzako goi eskola bat behar zuen, eta Dantzerti da erantzuna".
Eskolak bederatzi urteko ibilbidea baino ez du (2015ean ekin zion), baina azken urteotan bere oinarriak finkatzen joan da Estatuan erreferentzia bihurtzeko. Dantzerti hezkuntza komunitate osoaren konpromisoaren, ahaleginaren eta espiritu erantzunkidearen emaitza da.
Hezkuntza sailburuak irakasleen eta ikasleen parte hartzearen eta eskola gidatzen duen taldearen elkarlanaren garrantzia balioetsi du bere hitzaldian, eta, 2024-2025ean aurre egin beharreko erronken eta proiektuen ikuspegitik, lidergo pedagogikoaren aldeko apustu irmoa nabarmendu du, zentroak zuzendaritza proiektu sendoa duela ziurtatuz, "guztion ekarpenak jasotzen dituen gidoi bat, obra koral bat".
Era berean, "zentroaren proiektu digitala hedatu izanaren eta kudeaketa aurreratuko eredu bat ezarri izanaren garrantzia" ere nabarmendu nahi izan du. "Bere orientazioa beti talentua eta bikaintasuna da", esan du.
Bestalde, Pedrosak zentroaren hezkuntza proiektuaren berezko balioak eta ezaugarriak azpimarratu ditu: "talentuaren aldeko apustua, berdintasuna eta kolektibo osoak parte hartzea".
Halaber, ikasturte berrian zentroak aurre egin beharreko erronketako bi nabarmendu nahi izan ditu. Alde batetik, onartu berria den arte ikasketei buruzko lege berriaren garapenean parte hartzea aipatu du, Dantzerti merezi duen lekuan kokatzeko, eta, bestetik, ESADEFEST 2026 topaketa antolatzen lan egitea.
Izan ere, Dantzerti aukeratu dute gaur egungo eta etorkizuneko arte eszenikoen erakusleiho aparta izango den ESADFEST arte dramatikoko eskolen topaketa hori hartzeko. "Aprobetxa dezagun aukera egiten dugun lan ona erakusteko eta gure kultura eta hizkuntza apartak Estatuko beste leku batzuetako ikasleen eta irakasleen aurrean nabarmentzeko", adierazi du