Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaz konpainiatik igaro diren 53 dantzarietatik 47 lanean ari dira

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz konpainiatik igaro diren 53 dantzarietatik 47 lanean ari dira

Datorren apirilean Italian dantzatzea proposatu diete, eta horretarako, ikuskizun berri bat sortuko dute

Dantzaz konpainiaren 2012-2013ko emaitzak erakutsi nahian zebiltzan arduradunak. Baina zenbakiak eta kopuruak baino adierazgarriagoa izan zen dantzariek Artelekun egindako erakustaldia, horrek bikain islatzen baitu konpainia 2008tik egiten ari den lana. Europako dantzari gazteak lan merkatura bultzatzeko helburua du Dantzaz konpainiak; Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute programa hori.
Egilea
Kristina Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2013/10/17
Lotura
Berria

Dantzaz plataformatik 66 dantzari igaro dira guztira; 11k egun jarraitzen dute formakuntza, eta beste ia denek profesionalerako jauzia egin dute. Garazi Lopez de Etxezarreta Aldundiko Kultura Saileko zuzendariaren hitzetan, «harrobia lantzeko tresna erabilgarria da, hemendik atera diren 53 dantzarietatik 47 lanean ari direlako Europako zenbait konpainiatan».

Dantzaz taldearen helburu nagusia dantzariei laguntzea da; baina Fernando Saenz de Ugarte plataformako zuzendariaren esanetan, «Suitzako labana bat bagina bezala, tresna gehiago ateratzen ari gara etengabe». Beraz, «gure lana dantza konpainientzat eta antzokientzat ere baliagarria izatea nahi dugu». Dantzaz konpainiaren filosofia learning by doing da (eginez ikasi), «dantzari profesionala agertokian egiten baita», iritzi dio Adriana Pous plataformako zuzendari artistikoak.

Europako dantzariek osatzen dute konpainia. Egungo 11 kideetatik lau euskal herritarrak dira. Beste bi dantzari sartu dira konpainian Mugi errendimendu handiko taldeari esker. Mugi Gipuzkoako Aldundiak Euskal Herriko dantzari gazteei bultzada emateko programa da. «Hemengo gazteei aukera ematen zaie Dantzaz konpainian leku bat hartzeko», azaldu du Lopez de Etxezarretak.

Mugitik plataformara jauzi egin duten bi dantzarietako bat Martxel Rodriguez 23 urteko lesakarra da. Dantzaria eta fisikaria da. Dantzaz konpainian sartu zenetik, dantza bere bizimodu eta lanbide gisa ikusten du. Garazi Etxaburu 19 urteko ondarroarrak ere bere etorkizuna dantzan «ilusio handiz» ikusten du.

Beraien moduko aukera izan nahian, mundu osoko 114 dantzarik erakutsi dute interesa probetan parte hartzeko.

Edozein dantzarik du aukera proba batera joateko edo eskola batean parte hartzeko. Hori bai, Saenz de Ugartek argitu duenez, «18 urte eta esperientzia profesionalik gabea izan behar du gure taldean sartzeko».

Eguneroko lanean konpainiak hiru bide jorratzen ditu: lehenengoa antzokietarako ekoizpenak dira. «Prestigio handiko koreografoekin lan egiten dugu; eta gure ekoizpenak, Donostian estreinatu ez ezik, espazio txikietarako ere moldatzen ditugu eta Europako hainbat lekutan taularatzen ditugu», jakinarazi du zuzendari artistikoak.

Dantzaz konpainiaren jardunaren bigarren adarra leku irekietarako ekoizpenak dira. «Naufragoak, adibidez, hondartzan dantzatzeko sortu genuen, baina orain egokitu behar izan dugu, ikastoletako jolastokietan eta parkeetan egiteko eskatu digutelako», dio Pousek. Ni espioi ikuskizuna, esaterako, «Donostiako parkeetan eta tabernetan taularatzeko sortu genuen, baina beste leku batzuetan eskatu digute, eta horietara moldatzen ari gara».

Hirugarren bidea espazio zehatzetarako ekoizpenak dira. «Suhiltzaileen egoitza zenean prestatu dugu Brmmmm ikuskizuna, Donostia 2016ko bulegoa inauguratzeko».

Aurten, egitasmoz beteta

Aurtengo proiektuen berri ere eman du Adriana Pousek. «Hemengo lau koreograforekin lan egingo dugu: Jon Maia, Asier Zabaleta, Igor Calonge eta Iker Arrue». Horretaz gain, Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Koreografia arloko bi ikasle etorriko dira, eta astebetez Dantzaz konpainiako dantzariekin lan egingo dute.

Horrez gain, Italiako koreografo batek datorren apirilean Turinen dantzatzea proposatu die. «Horretarako propio lan bat ekoitziko dugu», adierazi du Pousek.

Arteleku espazioa azken urratsak egiten ari da, eta Dantzaz plataforma Errenterian eraikitzen ari den Lekuona dantzagunera igaroko da. Aldundiko aurreikuspenak betetzen badira, datorren urteko urtarrilean egingo da leku aldaketa.

Konpainiako kideek Lukas Timulak-en A Place Between ikuskizunaren zati bat dantzatu zuten aurkezpenaren aurretik. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak