Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaz jantziko dute plaza Iruñean

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz jantziko dute plaza Iruñean

Bihar eguerdian bertako Duguna Taldea arituko da dantzan, Eibarko eta Iurretako dantzariekin batera.
Egilea
Maitane Legarreta
Komunikabidea
Gaztezulo
Mota
Albistea
Data
2021/11/05
Lotura
Gaztezulo

Iruñeko Duguna Taldea beste dantza talde batzuekin batera arituko da emanaldia eskaintzen datozen bi larunbatetan, hilak 6 eta 13, Iruñeko Burgoen plazan. Bihar, hilak 6, Arrateko dantzak plazaratuko dituen Eibarko Kezka dantza taldearekin eta Durangaldeko dantzari-dantzak interpretatuko dituzten Iurretako dantzariak izango dituzte bidelagun, eguerdiko 12:00etatik aurrera.Dantzaz jantziko dute plaza Iruñean

Kezka dantza taldea 1958. urtean sortu zen eta Eibarko festa-ospakizunetan dantzak plazaratzeaz arduratzen da: aurreskua San Joan festetan, koko-dantzak inauterietan eta ezpata-dantza eta trokeo-dantzak Arrateko festetan, besteak beste. Eibarko Arrateko zelaian, irailaren 8ko festan, egiten dira Arrateko dantzak. Musikari eta dantzarientzat festa kutuna izan ohi da Arratekoa. Bertan sortu zen 1927an Euskal Herriko Txistulari Elkartea, eta trikitilariek ere beraien elkarteetako zaindaritzat hartu zuten Arrate. Irailaren 8ko prozesioan eta ondoko erromerian dantzak ohikoak izan dira, ezpata-dantzak eta aurreskuen aztarna aspaldikoa da, eta 2005. urtetik dantzatzen dira ezpata-dantza eta trokeo-dantzak. Hiru trokeo-dantza dira: makila txikiena, makila handiena eta brokel-makilena. 

Aurretik urte askoko historia izan arren, ofizialki, Iurretako dantza taldea 1989an sortu zen, Durangotik desanexionatu ostean. Ordutik, herriko hainbat belaunaldi pasatu dira taldetik. Durangaldeko dantzak egiten dituzte euren emanaldietan: dantzari-dantza, soka-dantzak eta gorulariak. Hasiera batean mutilek soilik egiten zuten dantzari-dantza. Gaur egun, 2018an parekidetasunerantz emandako pausuari jarraituz, neska zein mutilek dute dantzari-dantza egiteko aukera. 

Hurrengo larunbatean, hilak 13, Oñatiko Oñatz dantza taldeak herriko Corpuseko dantzak aurkeztuko ditu, eta Baztango Baztandarrak taldeak, berriz, bertako dantzak. Oñatiko Oñatz dantza taldea 1970.urtean sortu zen. Taldearen hasierako urteetan haurren dantza taldea izan bazen ere, 1975. urtean dantzari nagusien taldea batu zitzaion. Gaur egun ia 400 kidek osatzen dute taldea, 300 haur eta 75 heldu. San Migel dantza, Banakoa, Launakoa, Zortzikoa eta Oñatiko arku dantza eskainiko dute Iruñean. Baztandarrak dantza eskola, berriz, Jo ala jo kultur taldearen adarra da. Baztango dantza herrikoiak praktikatu, bizitu, erakutsi, ikertu, birsortu eta hedatzeko helburua du. Baztandarrak dantza eskolako partaideak adin guztietako herritar dantzariak dira.

Dokumentuaren akzioak