Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaz eta «1.01»: ballet eskoletatik, maitasunaren eta ametsen mundura

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz eta «1.01»: ballet eskoletatik, maitasunaren eta ametsen mundura

Egilea
Ane Arruti
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2009/06/03

«Kontserbatorioen eta konpainia profesionalen artean kokatzen gara gu», azaldu zuen Filgy Claverie Dantzaz konpainiako zuzendariak. Horixe da, hain zuzen, konpainia honen helburu nagusia: eskoletatik irten berri diren dantzariei aukera bat ematea, plataforma moduan baliatu dezaten. Hiru urtetan, dantzarien bi herenek kontraturen bat lortu dute nazioarteko konpainia profesionalen batean. «Lur sagar» ikuskizunarekin, urritik hona, berrogei funtziotik gora eskaini dituzte, 6.000 ikusle inguru bildu dituztenak.

Emanaldi berria eskaintzera dator orain Donostiako taldea. Victoria Eugenia antzokian izango da «1.01» ikuskizunaren estreinaldia ostiral honetan, 20.00etan. Lau zatik osatzen dute obra hau. Lehenengoa, «Songeurs»(«Amesgileak») izenekoa, Christophe Garcia quebectarrak sortu du. Hasiera batean, hiru emakumek dantzatzeko prestatu zuen arren, Dantzaz-en proposamenaren ondoren, hiru gizonezkorentzat egokitu du. Hamabost minututan unibertso onirikoan sartzea proposatuko du lan honek.

Bigarren zatia, «Torque», Hilde Koch dantzari donostiarraren lehendabiziko koreografia lana da. «Oso gertutik bizi izan dut, laguntzaile modura askotan tokatu zait koreografoekin lan egitea, eta Dantzaz-ekoek emandako azken bultzadarekin animatu egin naiz», azaldu zuen atzo, bere jaioterrian egindako aurkezpenean. Txikitatik izan du Kochek dantzarako afizioa; «zortzi urte nituela, ezkutuka sartzen nintzen antzokira. Nora nindoan galdetzen zidatenean, dantzarien ile-apaintzailea nintzela erantzuten nien. Edozer egiten nuen emanaldia ikusi ahal izateko», kontatu zuen. Lan honekin, berak dantza ulertzeko duen modua transmititu nahi izan die dantzariei: «Euren berezko sormena garatzera bultzatu nahi nituen, sortze prozesu honetan partaide izan daitezen. Niri horrela erakutsi didatelako ausartu naiz, agian, pauso hau ematera».

Kanadatik, «ballet eskola»

Eric Gauthier kanadarrak urte ugari daramatza Alemanian. Stuttgart Ballet konpainian hasi zen dantzan eta duela bi urte, Gauthier Dance sortu zuen. «Hamabi urtez egon nintzen Stuttgarten dantzan. 30 urte bete nituen egunean, dantzari bezala dimititu eta nire konpainia sortu nuen», azaldu zuen.

Dantzaz-ek bere bi lan taularatuko ditu ostiralean. Alde batetik, emanaldi osoari izena eman dion bederatzi minutuko «Ballet 101»: «Hizkuntza bat ikasten hasten zarenean, lehenengo ikasgaia beti 1.01 izaten da. Publikoarentzat lehenengo ballet eskola izango balitz bezala da. Sei posizio ezagutzen ditu normalean ikusleak eta ni 101eraino heldu naiz».

Bigarren lana eta emanaldiari amaiera emango diona «Björk duets» izenekoa izango da. «Ez naiz abeslari islandiarraren zale amorratu horietakoa, nire emaztea bai, ordea, eta autoan jartzen zidan une oro. Azkenean gustuko izaten bukatu nuen», adierazi zuen txantxa artean. Koreografia honetan, maitasuna ikuspegi ezberdinetatik lantzeko hiru bikote aukeratu ditu Gauthierrek: «Batetik, adineko bikote bat dago, euren maitasuna adierazteko elkarren artean ukitzeko beharrik ez dutena. Bestetik, maitasuna modu zakar eta basatian ulertzen duen bikote bat dago. Azkenik, nire harremanean oinarritutako bikote bat azaltzen da, hau da, guztiz melenga eta ukitzailea».

Kanadarrak azaldu zuenez, bere laguntzailea bidali zuen Donostiara Dantzaz ezagutzera: «Hark esan zidan hemen oso jende gaztea topatu zuela, 19-21 urte bitartekoa, baina ez zirela ikasleak, benetan profesionalak zirela. Hona etortzean baieztatu nuen hala zela».

Egun hauetan beraiekin ari da lanean eta gehiegi ezagutzen ez baditu ere, argi du zein izango den bere helburua: «Nire konpainian 28 urte dituzte batez beste eta taula gainean duten presentzia izugarria da. Dantzaz konpainian oinarri eta teknika harrigarriak dituzte. Ostirala bitarteko nire lana, dantzari hauei argia ateratzea izango da».

p040_f01_148x100.jpg

Dokumentuaren akzioak