Dokumentuaren akzioak
Dantzaz balletak lau koreografia estreinatuko ditu gaur '1.01' saioan
Christophe Garcia, Eric Gauthier eta Hilde Kochen koreografiak ikusi ahal izango dira Viktoria Eugenian
Koch iruindarraren lehen sorkuntza lana da Torque. Donostiako kontserbatorioan egin zituen dantzariak lehen plie eta battement-ak,
baina inguruetan konpainia profesionalik ez dagoenez, Stuttgarteko
(Alemania), Frankfurteko (Alemania) eta Zuricheko (Suitza) balletetan
aritu da, geroztik, dantzan. Lehen koreografian dantzariekin harremana
landu du Kochek: «Nire helburua, lan honetan, dantzariek euren sormena
garatzea izan da, dantzari orok izan behar baitu bere alde sortzailea».
Koreografia bat egiteko interesa aspalditik zuela azaldu du, eta Dantzaz-ek azken bultzada eman dio pauso hori emateko.
Ballet 101 eta Bjork duets koreografiak sortu ditu
Eric Gauthierrek Dantzaz-entzat. Stuttgarteko ballet konpainian
bakarlari gisa aritu ondoren, dantzari lanak utzi eta bere konpainia
propioa sortu zuen Gauthierrek. «Nire konpainiako dantzariek presentzia
dute agertokian, baina Dantzaz-ekoek teknika oso ona dute eta nire lana
barruan duten argia ateratzea izan da», azaldu du. Argi hori
kanporatzea lortu duen edo ez gaurko emanaldian ikusiko dela gaineratu
du.
Ballet klasikoaren oinarrizko bost posizioetatik abiatuta 101 mugimendu sortu ditu Gauthierrek Ballet 101
koreografian. Ordenatik nahasmendura salto egiten du koreografia
erdian, 51. posiziotik aurrera, bukaera «itzelera» heldu arte. Ez ditu
amaieraren nondik norakoak argitu nahi izan, sorpresa izatea nahi
baitu.
Bjork-en musikan oinarrituta, izaera propioa duten hiru bikote sortu ditu Bjork duets
lanean. Maitasuna adierazteko hiru modu ezberdin landu ditu. Hauexek
dira ikuskizuneko osagaiak: batetik, maitasuna adierazteko etengabe
ukitzeko eta hitz goxoak esateko beharrik ez duen bikote heldu bat;
bestetik, Under water love bikotea edo maitasun melenga; eta, azkenik, bikote gogorra, maitasuna eta zitalkeria nahasten dituztenen harremana.
Christophe Garciaren Songeurs koreografia lehen aldiz
ikusi zuenean Filgi Claverie Dantzaz konpainiako zuzendariari asko
gustatu zitzaion, baina obra hiru emakumek interpretatu beharrean, hiru
gizonekin egitea proposatu zion koreografoari. Hark erronka onartu egin
zuen, eta 1.01 lanak biltzen duen koreografia da proba haren
emaitza. Gaur iluntzeko emanaldian hiru gizonezkoren mundu onirikoan
sartu ahal izango dute ikusleek, ametsen bidez errealitatetik ihes
egiteko.
Dokumentuaren akzioak