Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaz balletak lau koreografia estreinatuko ditu gaur '1.01' saioan

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz balletak lau koreografia estreinatuko ditu gaur '1.01' saioan

Christophe Garcia, Eric Gauthier eta Hilde Kochen koreografiak ikusi ahal izango dira Viktoria Eugenian

Egilea
Elixabet Epelde
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2009/06/05

Koch iruindarraren lehen sorkuntza lana da Torque. Donostiako kontserbatorioan egin zituen dantzariak lehen plie eta battement-ak, baina inguruetan konpainia profesionalik ez dagoenez, Stuttgarteko (Alemania), Frankfurteko (Alemania) eta Zuricheko (Suitza) balletetan aritu da, geroztik, dantzan. Lehen koreografian dantzariekin harremana landu du Kochek: «Nire helburua, lan honetan, dantzariek euren sormena garatzea izan da, dantzari orok izan behar baitu bere alde sortzailea». Koreografia bat egiteko interesa aspalditik zuela azaldu du, eta Dantzaz-ek azken bultzada eman dio pauso hori emateko.

Ballet 101 eta Bjork duets koreografiak sortu ditu Eric Gauthierrek Dantzaz-entzat. Stuttgarteko ballet konpainian bakarlari gisa aritu ondoren, dantzari lanak utzi eta bere konpainia propioa sortu zuen Gauthierrek. «Nire konpainiako dantzariek presentzia dute agertokian, baina Dantzaz-ekoek teknika oso ona dute eta nire lana barruan duten argia ateratzea izan da», azaldu du. Argi hori kanporatzea lortu duen edo ez gaurko emanaldian ikusiko dela gaineratu du.

Ballet klasikoaren oinarrizko bost posizioetatik abiatuta 101 mugimendu sortu ditu Gauthierrek Ballet 101 koreografian. Ordenatik nahasmendura salto egiten du koreografia erdian, 51. posiziotik aurrera, bukaera «itzelera» heldu arte. Ez ditu amaieraren nondik norakoak argitu nahi izan, sorpresa izatea nahi baitu.

Bjork-en musikan oinarrituta, izaera propioa duten hiru bikote sortu ditu Bjork duets lanean. Maitasuna adierazteko hiru modu ezberdin landu ditu. Hauexek dira ikuskizuneko osagaiak: batetik, maitasuna adierazteko etengabe ukitzeko eta hitz goxoak esateko beharrik ez duen bikote heldu bat; bestetik, Under water love bikotea edo maitasun melenga; eta, azkenik, bikote gogorra, maitasuna eta zitalkeria nahasten dituztenen harremana.

Christophe Garciaren Songeurs koreografia lehen aldiz ikusi zuenean Filgi Claverie Dantzaz konpainiako zuzendariari asko gustatu zitzaion, baina obra hiru emakumek interpretatu beharrean, hiru gizonekin egitea proposatu zion koreografoari. Hark erronka onartu egin zuen, eta 1.01 lanak biltzen duen koreografia da proba haren emaitza. Gaur iluntzeko emanaldian hiru gizonezkoren mundu onirikoan sartu ahal izango dute ikusleek, ametsen bidez errealitatetik ihes egiteko.

Dokumentuaren akzioak