Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzatzen duen herritik

Dokumentuaren akzioak

Dantzatzen duen herritik

Iritsi orduko nabaritzen zen egun berezia zela Iruñean. Larunbata izaki, poteoa pixka bat luzatzeko asmoa ikusten zitzaien batzuei, eta mota guztietako musika entzun zitekeen Alde Zaharreko kaleetan. Bertakoa ez zen jende mordo bat ere bazebilen inguruan, telefonoa eskuan, hiriko gune zehatz batera iritsi nahian. Aurpegiera alaia zuten gehienek, gustuko jarduera bat egitear baleude bezala. Hipotesietako bat da Gorka Urbizuren kontzertura bidean zeudela, baina baten bat, bakarra bada ere, Burgoen plazara iritsi nahian ibiliko zen.
Egilea
Andoni Rekondo
Komunikabidea
Bertsolari
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2024/10/31
Lotura
Bertsolari

Dantzatzen duen herritik

Dantzatzen duen herria ez dela inoiz hilko diote. Bada, 75 urte daramatza Iruñeko Duguna Taldeak herriak biziraun dezan lanean. Urteurren bereziek ekitaldi bereziak sortzeko gaitasuna dute, eta eskari hori era originalean bete zuten apirilaren 13an. Iruñeko Burgoen plaza izan zen egun horretako eszenatokia, eta jende ugari elkartu zen bertako harmailetan, prestatutako esperimentua ikusteko. Gainera, Dugunako dantzariak ez ziren bakarrik aritu, Iurretako dantzariak eta Eibarko Kezka Taldeko kideak ere animatu baitziren festara.

Horra arte irakurrita, batek baino gehiagok galdetuko du ea non dagoen esperimentua. Osagai berezi batek bihurtu zuen dantza saioa are bereziagoa: hitzak. Oinek sekula baino protagonismo handiagoa izan zuten, kantuak doinu bihurtu ziren eta binakakoa buruz buruko.

Oihana Iguaran eta Sustrai Colina arduratu ziren dantza emanaldiari ukitu berezi hori emateaz. Dantzarien mugimenduei hitzak jarri zizkieten, bi jardunak, dantza eta bertsolaritza, bateratuta. Horretarako, uztarri edo zubi lanak egitea tokatu zitzaion doinuari. 

 

Doinua: Dozena bat bertso berri A

Soinu erreproduzigailua

00:00
00:00
Sustrai

 

Hitza ta dantza dirudi

berez direla mundu bi

baina doinua izan liteke

bitarteko zubi

Beraz doinu batzuk zuri

nahi dizkizugu isuri

ta konpetentzi pixka bat egin

Gorka Urbizuri

Oihana

 

Guk jada prest eztarriak

zuek begi-belarriak

Gaur berotzeko nola eztauzkagun

oso lan larriak

hortxe daude prest jarriak

oin puntetan aldarriak

Zatoz Duguna eta astindu

zure zintzarriak!

 

 

Dugunak hautatu zuen txapelduna

Aipatu orduko atera ziren, kriskitin eta guzti, Dugunako dantzariak plazara. Jolasetik asko izan zuen saioak; bertsolariek erabilitako doinuan egiten zituzten sarrerak eta irteerak, eta dantzaldian erabilitako kantua hartzen zuten doinutzat ondoren Sustraik eta Oihanak. Abesten ari ez ziren tarteetan adi egon behar zuten bertsolariek, emanaldi bakoitzari punta atera ahal izateko. Iruñeko taldeak erraz utzi zien lana, material asko baliatu baitzituzten saioan zehar; kriskitinekin hasi, ezpatekin jarraitu eta arkuetara iritsi ziren azkenean. Ikusitakoarekin txundituta, iruindarren dohaiak nabarmendu zituen Oihanak, ondoren bertsolarien gabeziei erreparatzeko:

Dantzatzen duen herritik

 

Doinua: Eguna pasa nekean eta

Soinu erreproduzigailua

00:00
00:00
Oihana

 

Hauen gaitasun ta hoien flowa

nolatan ez disfrutatu

Hartu moño bat eta tartean

zortzi erritmo trukatu

Sustrai gu biok bagina dantzan

ezetz emaitza ukatu

Ezpata ustez hasiko ginen

ta arku eginda bukatu

Sustrai

 

Baina holakorik ez da ikusi

Dugunaren ekinean

gerria nola mugitzen duten

flow konparaezinean

mugimenduak koordinatuz

horren pauso arinean

Nik ere hola egon nahi nuke

Dugunaren adinean

Hirurogeita hamabost bete

 

ta gorputza oraindik zut

Zuri kantuan jarraitzea nik

gutxienez opa dizut

Baina ikusi degun ahalmena

ikusi al zenuen zuk?

Zehaztasun hau nahiko lukete

desfile militar batzuk

Baina kultura ez dut ulertzen

 

nik militarrek bezela

bertso kantua soldaduska bat

litzake eta bestela

Ikusiz zuek itzaletan ta

gu eguzkitan gaudela

nik ere pozik hartuko nuke

dantzari baten txapela

 

Kontuz ibili behar da eskatzen denarekin, bete egin daiteke eta. Dantzariek ere oso adi entzuten zituzten bertsolarien hitzak, eta horietako batek ez zuen zalantzarik izan Sustrairengana gerturatu eta lorez betetako txapela buru gainean jartzeko. Aldagai berria baliatuta, ale ederra abestu zuen jarraian:

Dantzatzen duen herritik

Sustrai

Txapelarekin oso dotore

nagoen baina ez dakit

Txapel honetxek ametsa zeukan

Sustrai txiki-txikitatik

Nere patu edo nere destinu

hauxe genuen haatik

Sustrai izena jarri zidaten

ta loreak irten zaizkit

 

Iraganeko minak

Kezkako dantzarien txanda iristerako giroa bero zegoen plazan. Txalo zaparrada handi batekin jaso zituen publikoak, eta ikuskizun txukuna eskaini zuten ordainean. San Joan zortzikoa izan zen eibartarren proposamena, eta beste zenbait kantu laburragoekin osatu zuten saioa. Tartean, sokadantza bat ere egin zuten, eta metafora dotorearekin aipatu zuen Oihanak bertsotan, soka horrek elkar eusteko balio duela iradokita. Oroitzapen ederren bat ere ekarri zion gogora, eta saio polita osatu zuten bertsolariek sokaren gainean, Sustrairi dantzariekin parte hartzea proposatzeraino. Tamalez, hurrengo bertsoaldiaren hasierako puntuetan ikus daitekeen modura, aipatutakoa ez zen egikaritu.

Sokari buruz tarte luze batean aritu ziren kantuan, baina horrekin ez zuten nahikoa izan. Ikuskizunaren bigarren zatian faltan sumatu zituzten, nonbait, material zorrotzagoak. Ez zuten zuzenean esan, baina horixe antzeman zitekeen elkarri emandako ezpatakadetan. Martxa hori hartuta, hain ohikoa den Agurra izan zen arratsaldeko kantaldi jolastiena pizteko txinparta.

 

Doinua: Mendiko umea naiz

Soinu erreproduzigailua

00:00
00:00
Sustrai

 

Hortik al datorkizu

hainbat iragan min?

Bide hortan ez zazu

kontatu nerekin

Neri hurrengo dantzak

nauka nahi ta ezin

Zeren agurrik inoiz

ez didate egin

Oihana

 

Hilda edo ezkontzan

bitan zuk hautatu

Igual bat egin zaizu

jadanik kontratu

Nik nahiko nukeen bertan

agurra dantzatu

Baina zuk eninduzun

inoiz gonbidatu

 

 

Beraz dantzatzen diren

agurren harira

bakarrik omen daude

bi alternatiba

Bat hiltzerakon dago

goizegi da tira

ta ezkontzeko berriz

beranduegi da

 

 

Baina mesedeentzako

falta du denbora

ta ehun aldiz ezkontzea

berez orain moda

Dantzak biziraun dezan

oparo gerora

dibortziotan egiten

hasi beharko da

 

Negoziorako ideia ederra eman zieten dantzariei, eta irribarretsu utzi zituzten entzuleak.

Iurretarrak izan ziren dantzatzen azkenak. Bandera eta guzti iritsi ziren Burgoen plazara, eta ezpatadantza batekin amaitu zuten emanaldia. Irteera, berriz, neurri-neurriko doinuarekin egin zuten: Aita San Migel Idurretako kantuarekin, hain zuzen.

Dantzatzen duen herritik

Amaiera bateratua

Hasierako jolasarekin jarraituta, kopla doinuan egin zituzten bukaerako agurrak. Kanturako oso doinu bizia da Aita San Migel Idurretako, eta laster batean egin zuten bertsolariek arratsaldeak emandakoaren errepasoa. Esaterako, Gorka Urbizu aipatu zuten berriro, baita, ezpatakadekin lotuta, UPNren kongresua ere.

Azkenerako, Dugunaren urteurrenak hiru talde elkartu zituela ikusita, elkarrekin dantzatzeko gonbidapena egin zieten dantzari guztiei.

 

Doinua: Aita San Migel Idurretako

Soinu erreproduzigailua

00:00
00:00
Oihana

 

Hartu dantzatik ta aplikatu

harremanetan barrena

Frogatu orain soltea dela

lotzeko modu onena

Sustrai

 

Ta bereizita egiten denak

ez ote du frakasatzen

beraz gaurkoa buka dezagun

denak batera dantzatzen!

 

Esan eta egin. Fandango eta Arin arin bana dantzatu zituzten elkarrekin, eta festa giroan amaitu zuten esperimentua.

Hasierako aipura itzulita, dantzatzen duen herria ez dela hilko diote. Horretarako, ezinbestekoa da hirietako, herrietako edota auzoetako taldeen lana. Bertsoak eta dantza bikain uztartzeko aukera dagoela frogatzeaz gain, ekitaldiak erakutsi zuen, esaerak dioena egia bada behintzat, bizirauteko lanean jarraitzen duela gure herriak. Horixe uzten du agerian dantzatzen duen herritik idatzitako kronika honek.

Dantzatzen duen herritik  Dantzatzen duen herritik  Dantzatzen duen herritik  Dantzatzen duen herritik  Dantzatzen duen 

Dokumentuaren akzioak