Dokumentuaren akzioak
Dantzatzeko eguna iritsi da
Dantza sokako taldea bihar goizean abiatuko baserriz baserri saioak egitera
«Azaroan bertan hasi zen jendea lanean, dena antolatzen: jarri ziren zerrendak, herritarrekin hitz egin zen, parte hartzera anima zitezen, bati eta besteari eskatu zitzaion musika jotzeko, dantza erakusteko, bilerak antolatzeko...», azaltzen dute antolatzaileek. 70en bat neska-mutil bildu dira aurtengoan, 12 urtekoekin hasi eta, hortik gora, nahi duen guztiak izan du lekua taldean.
Bihar goizeko 8:00etan bilduko dira herriko plazan. Goiza baserriz baserri pasako dute dantzan, ohitura zaharrei jarraiki. Eguerdi parterako herrian izango dira eta, plazara iritsi aurretik, Alkartasuna herriko jubilatuen egoitzaren aurrean egingo dute dantza saioa, 12:45ak aldera. «Mereziko digu bertan gelditzeak, izan ere, garai bateko dantza sokan parte hartu izan zuen herritar hainbati dantza egiteko», diote antolatzaileek. Jubilatuen egoitzatik plazarako bidea egingo dute, eta bertan, ordubatak aldera, mutilen dantza soka egingo dute. Handik Kuku elkartera, «ondo merezitako babarrun jatea egitera». Indarrak bildu ondoren, 17:00ak aldera, plazara hurbilduko dira berriro, nesken dantza soka egitera.
Ondoren, erromeria plazan. «Ikasitakoak eta ikasi gabekoak egin ahal izango dituzte nahi duten guztiek. Dantza, musika, edaria, taloak... Izango dugu gozatzeko parada», azaltzen dute antolatzaileek.
Dokumentuaren akzioak