Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzatuz goza

Dokumentuaren akzioak

Dantzatuz goza

"Dantzan egitea musika entzuteko era bat da". Horrela hasten du Patxi Laborda AIKO taldeko dantza maisuak bere testu bat, eta hala ulertzen dut nik ere.
Egilea
Ion Lizarazu
Komunikabidea
Goiena
Mota
Iritzia
Data
2017/05/28
Lotura
Goiena

 Horretan jardun genuen maiatzaren 13an bailarako 120tik gora dantzarik. Hasi ginen musika entzuten, idatzitako moduan, transmititu dizkiguten dantzak plazaratzen, jantzi tradizionalak soinean. Izango zen orporen bat puntaren lekuan, eta ezkerrerako pausua eskuinera beharrean, noski, denon belarriak ez doaz sintonian. Bazkalostean ere entzun genuen musika, jolasteko aitzakian. Mugitu genuen gerria, salto egin batera eta pausu bat bestera.

Txistulariek ere ekarri ziguten musika –aupa zuek!– eta entzun genuen hura ere. Kalea hartu zuen musikak, eta ondorioz dantzak, eta jo zuen goia festak. Egin genuen salto, buelta batera, lurrean eseri ginen eta itzulipurdiak ere izan ziren tarteko. Entzun genuen musika, eta harekin egin dantza, inongo testutan ageri ez diren eta agertuko ez diren pausuak ikusgai jarriz kalean. Egin genuen irri, txistu, kantu eta dantza, eta ezagutu genuen bailarako dantzariok pixka bat gehiago elkar. Musika entzuteko hainbat modu jarri genituen praktikan eta lortu genuen denok dantza egitea, eta dantzatuz gozatzea.

Dokumentuaren akzioak