Dantzatu

Egilea
Juanra Madariaga
Hedabidea
Deia
Mota
Iritzia
Data
2026/10/29
Esteka
Deia

Ekimen polita iruditzen zait nortzuk garen eta nondik gatozen adieraztea gure tradizioak dituen dantza ezagunenen bidez. Gure Eskuk bultzaturiko Zazpi Jauzi ekimena joan den igandean gauzatu zen Euskal Herriko hiriburu askotan ( Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Bilboko Arriaga plazan, Donostiako Plaza Berrian, Iruñeko San Jose plazan, Baionako Askatasunaren plazan, Donibane Garaziko merkatu estalian eta Maule Gaineko Arrabotüan) Euskal Herrirako eskubideak eta demokrazia eraikitzeko mezua lau haizetara zabaltzeko.

Zazpi jausi zazpi lurraldeak lotzeko eta irudikatzeko sorkuntza. Jatorriz mutil-dantza modura sailkatua izan den arren, gaur egun herri-dantzatzat hartzen da, eta borobil batean dantzatzen da Euskal Herriko plaza gehienetan. “Geure identitatea, hizkuntza eta kultura biziberritzeko, geure nazio sena indartzeko eta demokrazia eraikitzeko” aldarrikapenak koreografiaren bidez haizatzea performance ederra delakoan nago, sinbolismoz betea. 

Ekimenak “olatu erreakzionario” horren aurrean posizionatzeko ahalmena dauka, dantzak bestelako giroa eskatzen baitu, eta herri baten poztasuna ere zabaltzeko mezua hedatu nahi izan baitu. Poztasuna eta indarra.

Olatu erreakzionario horrek mila aurpegi ditu, eta bat Brasilen dauka, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen aliatua zen Bolsonaro zenaren seme klonatuarekin. Baina guztiok poztu gara Luiz Inacio da Silva Lula ezkerrekoaren garaipenarekin eta bestearen ihesaldiarekin. 

Ederrak ziren handik heldu diren irudiak, non jendea kalean dantzatzen (zazpi jauzi ere bai?) zebilen pozarren, ultraeskuindarren porrota galanta ospatzen zuen bitartean. Batzuk ere malkotan ibili ziren Amazoniako oihanaren etorkizuna ez delako kinka larrian egongo, eta bertako herrien eskubideak bermatu egingo direlako beste bolada baterako. Izan ere, Latinoamerikako herri askok eskuinerako jaidura erakusten dute, eta batzuk modu agresiboan, zentzura eta eskubideen murrizketak indartuz.

Horrexegatik, faxismoari ez! esaten duen herriak dantzatzen jarraituko du.