Dokumentuaren akzioak
Dantzaririk onenak, Seguran batuta
44. Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko da larunbatean, urriaren 17an, Segurako Baratze pilotalekuan. 18:00etan hasiko da eta hamalau bikotek hartuko dute parte. Edukiera erdira murriztu dute aurten koronabirusa dela eta: 200 sarrera saldu dituzte. Bertaratzerik ez duenak, halere, ETB1-en edo streaming bidez ikusi ahal izango du 22:00etatik aurrera.
Euskal Herriko dantzaririk onenak ariko dira lehian. Hamalau bikote izango dira. Gipuzkoarrak dira denak gehienak azpeitiarrak Bizkaiko dantzari bat izan ezik. Maren Galvezek (Lezo) eta Gorka Granadok (Sopela) dantzatuko dute lehendabizi. Ondoren Azpeitiko Maite Beobide eta Mikel Subinasen txanda izango da, eta gero Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza azpeitiarrena. Leire Eizmendi (Errezil) eta Gorka Kerejeta (Azpeitia), Katerin Artola (Oiartzun) eta Iker Belintxon (Lezo), Bergarako Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, Legazpiko Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola, Azpeitiko Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun, Nagore Kerejeta eta Aner Kerejeta, June Elorza (Azpeitia) eta Eneko Sarasua (Azkoitia), Enara Arrizabalaga (Azpeitia) eta Iker Sarasua (Azkoitia), Maitane Irurzun (Aduna) eta Gorka Duran (Billabona), eta Azpeitiako Elaia Elortza eta German Aranburu ariko dira ostean, hurrenez hurren.
Epaimahaia, bestalde, Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute: Josu Ibarrak, Antton Mendizabalek, Nahikari Vizuetek, Rafa Salaberriak eta Gabriel Alonsok. Jantzi epailea German Nestares izango da. Izaro Iraetak aurkeztuko du ekitaldia, eta atsedenaldian Jon Maiak zuzentzen duen Kukai Dantza konpainiaren ikuskizuna izango da: Gelajauziak.
Ruiz de Eginoren eskultura
Bikote irabazleak Aitor Ruiz de Egino Hernaniko eskultura egilearen garaikurra jasoko du, eta ordezkatzen duen udaletxean gordeko da hurrengo txapelketa ospatu arte. Horrez gain, 800 euro eta oroigarria, txapela eta lepokoa, eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak emandako trofeoa jasoko dute. Bigarren saria 600 euro eta oroigarria izango da, eta hirugarren saria 500 euro eta oroigarria. Dantza jantzirik politenaren saria ere emango dute: 150 euro.
Txapelketara lehenengo aldiz aurkezten diren bikoteen artean ongien sailkatzen denari Guillermo Areizaga sari berezia emango zaio.
Dokumentuaren akzioak