Dantzarien soka busti ez zedin

Erreboteko plazan egin beharrean, azken orduko euri tanten eraginez, lekuz aldatu dute Santio festetako soka dantza, eta Bearzana udal pilotalekuan egin dute. Oinkari dantza taldeko 26 dantzarik parte hartu dute.

Egilea
Josu Artutxa Dorronsoro
Hedabidea
Ataria
Lekua
Villabona
Data
2026/07/25
Esteka
Ataria

Euria zegoen iragarrita gaurko, baina gutxik uste zuten eguerdian lehen tantak eroriko zirenik. Bada, 13:00 aldera, euria ari zuen Villabonan, eta Oinkari dantza taldeak 13:30ean zen soka dantza lekuz mugitzea erabaki du. Hala, Erreboteko plazan egin beharrean, Bearzana udal pilotalekuan egin dute. Herritarrek ez dute huts egin, eta harmailak bete dituzte.

Ondoren, Atari Bizi eta Jai egitarauaren azalaren lehiaketen sariak banatu ditu udalak, pilotalekuan bertan.

Arratsaldeko ekitaldiak, Txerminen

Arratsalderako, Erromeri Eguna antolatu du Oinkari dantza taldeak. Ekitaldiak Erreboteko plazan egitea aurreikusten zuten, baina eguraldiak baldintzatuz gero, prest zuten alternatiba. Euria iragarrita dagoenez, arratsaldeko ekitaldiak Txerminen (Zubimusu ikastola) egingo dituzte. 00:00etatik aurrerako ekitaldiak Erreboteko plazan izango dira.

Hona hemen gaurko egitaraua:

  • 18:00. Sagardo eta pintxo dastaketa (hegaluzea eta hanburgesa parrillan). Aburuza (Aduna), Alberro (Hernani), Eguzkitza (Tolosa), Gaztañaga (Andoain), Goikoetxea (Lizartza), Isastegi (Tolosa), IZ (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Mizpiradi (Andoain), Ola (Irun), Rufino (Hernani), Sarasola (Asteasu), Zabala (Aduna) eta Zelaia (Hernani).
  • 19:00. Erromeria: Garixe eta Txibilter trikitilariak.
  • 22:30. Bertsolariak: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Xabat Illarregi. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
  • 00:00. Erromeria: Gari eta Iñaki trikitilariak, Erreboteko plazan.
  • Jarraian. Larrain dantza herrikoia Hernaniko Dultzaineroen eskutik.
  • Jarraian. Erromeria: Ostarte taldea.