Koronabirusaren pandemia iristeaz bat, bertan behera geratu ziren iaz Oñatz dantza taldearen 50. urteurreneko ospakizunak. Urtebete geroago, ekintza batzuk antolatzeari ekin diote berriro, eta martxorako egitarau zabala prestatu dute.
Dantzarien jantzien bueltan
Jantziak izango dira hilabete honetako protagonista, eta, hain zuzen, horiei buruz berbetan arituko da Ramon Garcia, dantzetako jantzietan aditua, martxoaren 16an 18:30ean kultura etxean egingo duen hitzaldian –ez da sarrerarik beharko–.
Horretaz gain, astelehenaz geroztik ikusgai dago Oñatzek kultura etxeko beheko solairuan jarritako erakusketa, eta hilaren 26ra arte izango da bisitatzeko aukera, astean zehar, 18:00etatik 20:00etara. Dantza taldeko kide Jon Irizarrek azaldu duenez, berrogei jantzi bildu dituzte, orotara, eta baita dantzarako materiala ere: "Euskal Herriko dantza talde ezberdinetako 30 jantzi utzi dizkigu Ramon Garciak, eta gainontzeko hamarrak dira Oñatzen jabetzakoak. Arkuak, ezpatak edota otzarak ere badaude, besteak beste". Zehaztu du dantzari moduan erabiltzen dituzten arropak direla, eta horietan "inbertsio handia" egin dutela urteetan zehar. Hori bakarrik ez, jantziak "eguneratzen" ere joan izan direla azaldu du Irizarrek, eta dio taldearen "ondarerik garrantzitsuena" direla gaur egun.
Hala, dantza espezifiko eta tradizional askoren bereizgarri diren jantziak daude erakusketan: besteak beste, Inauterietan egiten dituzten Luzaideko dantzetako jantziak, Jaurrietakoak, zein Bizkaiko eta Gipuzkoako propioak direnak.
Ospakizunei, jarraipena
2020ko hilabete bakoitzean gai bana jorratzeko asmoa zuen Oñatz dantza taldeak, eta, bi hilabetetako egitaraua bete ostean, bertan behera utzi behar izan zuten gainontzekoa. Hori horrela, hilabetero ekintzak antolatzeari ekin gura diote berriro, hemendik eta irailera bitartean, egoeraren eboluzioa "hilabetez hilabete" aztertzen joango diren arren. Datozen hilabeteetan jorratu gura dituzte honako hauek, besteak beste: kanpoko dantza taldeen emanaldiak, musika eta Oñatz dantza taldearen emanaldia.
Dendetako erakusleihoetan ere bai
Kultura etxeko erakusketa gelan ez ezik, herriko komertzioetako erakusleihoetan ere ikusgai jarri dituzte Oñatzi lotutakoak. Gehienetan, dantzarako erabiltzen duten materiala ikus daiteke, eta material hori dantzarekin nola uztartzen duten erakusten duen argazkia ere jarri dute, gainera. Leku handiagoa eskaini dioten dendetan jantziak ere jarri dituztela azaldu du Irizarrek. "Erakusleiho bakoitzari dantza zehatz baten itxura eman gura izan diogu", zehaztu du. Era horretan, jende gehiagorengana iritsi gura izan dutela aitortu du, eta dantzaz harago jantziek duten balio materialean jarri gura izan dute azpimarra. "Herriko komertzio askotan onartu dute erakusleihoan Oñatz Dantza taldeari lotutako atala jartzea, eta, ildo horretatik, taldetik eskerrak eman gura dizkiegu euren prestutasuna erakutsi duten dendariei", esan du.