Dokumentuaren akzioak
Dantzarien aztarnak paperean
Dantza eta grabatua uztartuz, 'Grabatudantza' ikuskaria eskainiko du Txokolarte taldeak Donostiako Trinitate plazan, larunbatean
Grabatudantza-n, 20:00etatik aurrera, zortzi dantzarik beren dantza mugimenduak paperean tintaz estanpatuko dituzte. Zortzi dantzari hauek askotariko dantzak taularatuko dituzte: dantza garaikidea, flamenkoa, euskal dantza tradizionala, funkya, klasikoa...Hasieran dantza eta grabatua bakarrik biltzen zituen proiektu hau ekintzaz beteriko ikuskizun erraldoia bihurtu da. Bertan 35 lagunek hartzen dute parte eta «mestizaje» handia dago. Dantzariek, estanpatzaileek, papergileek, eskalatzaileek...osatuko dute lantaldea.
Txokolarte taldearen filosofia «tailerretik ateratzea da», Estibalitz Alvarez zuzendaritza arduradunak adierazi duenaren arabera. Xedea da tailer bateko eguneroko lana,tintatzea eta estanpatzea, espazio publikora eramatea. Horregatik, Paisai Horizontala proiektuarekin egin zuten bezala, «oso garrantzitsua da ikuskizuna jendearengana gerturatzea». Aurreko proiektu hartan zorua estanpatzen zuten zapalgailu baten laguntzaz. Oraingoan Alvarezek adierazi duenez «pauso bat gehiago» egin dute. Estanpatzeko zorua erabili beharrean, dantzarien gorputzarekin egiten dute presioa.
Hala ere, beste behin, kalera irten nahi izan dute «jendeari grabatuaren oinarrizko osagaiak erakustera: papera, tinta, presioa, espazioa...»Emanaldia hasi aurretik egin behar diren prestaketek lan handia eskatzen dute. Dantzariak 20:00tan hasiko dira beren dantza mugimenduak paperean estanpatzen baina lantaldea 14:00etatik arituko da Trinitate Plaza emanaldirako atontzen.Alvarezek dio hau ez dela ikuskizun soila, ekintza ere oso garrantzitsua dela. Arratsaldeko 14:00etatik hasita 30 bat lagun arituko dira, papera mozten, mugitzen, espazioa aldatzen... «Beharbada dantzariek parte hartzen duten ordubete hori bisualagoa izango da baina niretzat akzioa da garrantzitsuena, prozesu osoa» adierazi du Alvarezek.Jendeari 20:00etarako deialdia egin zaio ezinezkoa baita arratsaldeko ordubietatik ikusleak bertan izatea. Baina,hala ere, gonbidapena luzatu dute nahi izanez gero arratsalde osoan Trinitate Plazatik pasa eta grabatuaren osagaiak (papera, tinta eta espazioa) nola erabiltzen diren ikusteko.Dantzarien emanaldia amaitu eta berehala erakusketa bat antolatuko dute Trinitate Plazan. Eskalatzaile eta teknikoek lurrean egindako estanpazio lana zinztilik jarriko dute. Nahi duenak grabatu horiek erosi ahal izango ditu 20 euroan. Txokolarte taldeak estanpatu dituen elastiko bereziak ere salgai egongo dira bertan.
Dokumentuaren akzioak