Dokumentuaren akzioak
Dantzarien %46,4k urteko 10.000 euro baino gutxiago lortzen ditu dantzatik
Dantzaren alorrean dabiltzan profesionalek bizi duten lan egoera hobeto ezagutu eta, bide batez, ezagutzera emateko asmoz ikerketa bat burutu du ADDE, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak, Kulturaren Euskal Behatokiaren laguntza lankidetza teknikoarekin, «ahalik eta erradiografia fidagarriena eta egiaztatuena egiteko helburuarekin».
Astelehen honetan txostenaren aurkezpenean zehaztu dutenez, informazio bilketa aurtengo maiatzaren 11 eta ekainaren 13ra bitartean egin da, online galdetegi baten bidez, eta bertan parte hartu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dantzaren alorrean lan egiten duten 82 profesionalek.
Emaitzetatik nabarmentzen denez, EAEko dantzaren sektore profesionalak Bizkaian eta Gipuzkoan biltzen ditu profesional gehien eta gehienek nazioarteko mugikortasuna euren errealitatearen parte dela onartzen dute.
«Lanbide mailan askotariko egoerak daude eta, oro har, prekarietate maila garrantzitsua antzematen da», nabarmendu dute ADDEtik. Izan ere, datuek agerian utzi dute dantzarien %44k ezegonkortasunean bizi dela, arrazoi ezberdinak medio: bada dantzaren alorrean egiten duten lana bestelako lanbideren batekin uztartu beharra izaten duenik (galdekatuen %21,95) eta baita lana eta prestakuntza era konbinatuan garatzen duenik edota dantzaz bestelako sektoreetan parte hartzen duenik ere. «Soilik %13,4k adierazi du dantzaren munduan lan-egonkortasunerako ibilbide arina izan duela, eta ikuspegi horretatik arrakastatsutzat jo daiteke», adierazi dute.
Ezegonkortasuna
Galdekatutako personen %40,2k adierazi du norbere kontura egiten duela lan, eta beste %14,6 da lan autonomoa eta besteren kontura egiten duena uztartzen dituena. Egoera honek desorekak sortzen ditu euren jardunean.
Hala, lan-jarduna dantzara bere osotasunean eskaintzeko ezintasunak eragin zuzena du dantzari profesionalen diru-sarreretan. «Diru-sarreren osagarritasuna oso errealitate nabarmena dela kontuan hartuta, diru-sarreren maila txikiak nabarmentzen dira», adierazi dute ADDEtik eta, zehazki, galdekatutako dantzarien ia erdiak (%46,4) ziurtatu du dantzarekin lotutako jardueretatik urteko 10.000 euro baino gutxiago eskuratzen dituela.
Ikerketa egin dutenek gaineratu dutenez, horri sektore artistikoetan horren ohikoa den lanaren aldizkakotasuna gehitu behar zaio, galdekatuen artean lan egindako hilabeteen bataz bestekoa 8,4koa baita. Alegia, urtean zortzi hilabete eta erdi egin dituzte lan, bataz beste; urtearen herena.
Azkenik, inkestari erantzun dioten pertsonen herenak adierazi du «desoreka handia» dagoela lan egindako hilabeteen eta kotizatutako hilabeteen artean.
Datuok eskutan hartuta, ADDEtik nabarmendu dute sektorean bizi den errealitatearen erradiografia eskaintzen duela ikerketak eta, orain, datuok baliagarri izan behar dutela errealitate horretan eragiteko formulak bilatzeko: «Informazio honek oinarria izan nahi du sektorea indartzen lagunduko duten estrategiak eta zerbitzuak garatzeko», eskatu dute.
Dokumentuaren akzioak