Dokumentuaren akzioak
Dantzariak izan ziren San Migel eguneko protagonistak
Meza amaitutakoan txistulariak eta dantzariak plaza
gurutzatu zuten kalejiran Ainhoa Ugalde alkatea eta Ainara Mugika
zinegotziarekin batera udaletxeraino eta han Udal ordezkariei dantzatu
zieten. Jarraian, Udalak plazara inguratu ziren herritarrei hamaiketakoa
eskaini zieten Gazte Alaiak elkartean eta plazan bertan jarritako
mahaietan. Haurrek txorizo pintxoa eta freskagarria jaso zuten eta
helduek salda beroa eta haragi eta txorizo egosia.
Arratsaldean berriz ere dantzariak izan ziren
protagonista. Irurako dantzari txikiak emanaldia eskaini zuten plaza
bete zuten herritarren aurrean. Haurretatik hasi eta gazteetaraino
dantzari guztiek gogoz erakutsi zuten nola dantzatzen duten.
Agurrarekin eta Ikurrin dantzarekin hasi ziren eta ondoren Alaveses, Ipurdi dantza, Txulalai, Sardinerak, Soinu zaharrak, Jokuak, Lantz, Altsasu eta Fandangoa eta Arin-arina eskaini zituzten. Plaza guraso, senide eta herritarrez bete zen emanaldia ikusteko eta dantza bakoitza amaitzean txalo zaparrada jaso zuten guztiek.
Dantza jaialdia bukatu bezain laster Txan Magoaren saioa
hasi zen. Haur zein helduek gustura egon ziren magia ikusten. Ikusle
guztian txundituta geratu ziren egin zituen jokoekin eta amaieran gogoz
txalotu zuten.
Gaurko egitaraua
San Migel egun handia ospatu ondoren gaur egitaraua
arratsaldeko 17:00etan hasiko da Irrien Lagunak taldearen kale
antzerkiarekin. Ondoren, 19:00etan, kalejira egingo dute Loatzo Musika
Eskolako txistulariek buruhandi eta erraldoiekin batera. Kalejira
plazatik aterako da eta kale nagusian barrena herria gurutzatuko dute
Share elkartera iritsi arte. Han txistor jatea eskainiko dute herritar
guztientzako.
Afalondoren, 22:30etan, Play-back jaialdia izango da eta
ondoren, Egan taldeak dantzaldia eskainiko du plazan. Gazteen karpan Dj
Bullen kontzertua izango da.
Dokumentuaren akzioak