Dantza inklusiboaren txanda izan da gaur, Marea Urdinaren eta Gautenaren Urdinduz egitasmoaren barruan. Igande honetan, apirilaren 2an, ospatuko da Azpeitian autismoa bistaratzeko Urdinduz Eguna, eta egun horren atariko gisa, herria girotzeko hainbat ekintza ari dira egiten.
Gaur arratsaldean, dantzari urdinez bete da Sanagustineko agertoki nagusia. Gautenaren Azpeitiko etxebizitzetako egoiliarrak eta Marea Urdinako hainbat kide igo dira oholtzara, Uxoa Ibarreta irakaslearekin eta Jeny Caleroren Born to Dance eskolako ikasleekin batera, eta hainbat koreografia eskaini dituzte. Gozatua hartu dute dantzariek, eta haiei begira zeuden ikusleek ere bai; txalo beroekin eskertu dituzte ikuskizunaren protagonistak.
Bihar, berriro Sanagustinen
Sanagustinen bertan izango da Urdinduz egitasmoaren barruko hurrengo hitzordua ere, bihar bertan, Juan Antxieta musika eskolak antolatu duen Kontzertua familian emanaldiarekin.
Hau da igandea bitartean prestatuta duten egitaraua:
- Martxoak 29, asteazkena. Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrena dela eta, Kontzertua familian emanaldia egingo dute, eta Gautenako kideek ere parte hartuko dute. 19:00etan, Sanagustinen.
- Martxoak 30, osteguna. Pintxo pote urdina. 19:00etan hasita, herriko tabernetan.
- Martxoak 31, ostirala. Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktoreek Sexberdinak obra taularatuko dute. 19:00etan, Azkoitiko Batzartxo aretoan.
- Apirilak 1, larunbata.
-I. Urdinduz Igeriketa Saria jokatuko dute. Aurrena, federatugabeek egingo dute igeri, eta gero, federatuek. 09:00etan hasita, Azpeitiko igerilekuan.
-Eneko magoaren Tilin-tilin magia ikuskizuna. 17:00etan, Sanagustinen.
-Bertso saioa. 22:00etan, Sanagustinen. Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek Maite Aizpurua gai jartzailearen esanetara abestuko dute. - Apirilak 2, igandea. Urdinduz Eguna.
-11:00etan, Marea Urdinako kideek 1.000 kamiseta urdin banatuko dituzte Loiolan.
-11:30ean hasita, Loiolatik Azpeitiko plazara ibilaldi urdina egingo dute erraldoiek, trikitilariek eta ttuntturruek lagunduta.
-Plazan, aurpegia margotzeko gunea, puzgarriak, jolasak eta abar egongo dira umeentzat, eta jan-edanik eta musikarik ez da faltako.
-Azoka Plazan lasai egoteko gunea egokituko dute.