Dokumentuaren akzioak
Dantzari txikien festa handia
Atzo goizean Alegiara hurbildu zena berehala konturatuko zen, eguraldi
bikainaz gain, bazela zerbait han; noski, Dantzari Txiki Eguna ospatu
baitzen atzo Alegian. Azaro Kulturaleko egitarauaren barnean antolatu
zuen eguna Alegiako Dantza Taldeak.
Iaz ere ospatu zen egun hau, baina orduko hartan, arratsaldean
ospatu zuten dantzariek euren festa. Atzokoan goizean goiz jeiki ziren
dantzariak egunari ekiteko. Alegiako dantzariez gain honako herri
hauetakoek ere parte hartu zuten Dantzari Txiki Egunean: Altzo,
Ikaztegieta, Ibarra, Tolosa, Anoeta, Irura, Villabona eta, eskualdeko
hauez gain, baita Usurbil ere. Guztira 225 haur eta gazte inguru, eta
hauei monitore, antolatzaile eta gainerakoen beste sortatxo bat
gehitzen badiegu, 250 bat lagun herrian kalejiran. Ez dira gutxi.
Goizeko 10:00etan egina zuten guztiek hitzordua eskolako
jolastokian. Jendeari begietako makarrak kentzeko denbora pixka bat
eman, guztiak bertan zirela kontatu, «denak al gaude?», «bai!»,
«goazen, bada!». Eta horrelaxe abiatu ziren 10:30 inguruan Larraitz
auzora.
Bertako bi auzoetan burutu zuten kalejiraren lehenengo fasea, eta
batean zein bestean, dantza ezberdinak eskaini zizkien balkoi eta
leihoetatik zein kaletik bertatik begira zituztenei.
Larraitz auzotarrak gustura utzi eta hauen txalo zaparradak jaso
ondoren, berriz ere eskolako jolastokira jo zuten dantzariek,
hamaiketakoa egitera. Txorizo eta txokolate bokadilo ederrak jan
zituzten. Behin indarrak berrituta, kalejiraren bigarren faseari ekin
zioten, San Juan kalerantz abiatuz. Eta 12:30ean, herriko plazan,
emanaldi nagusia eskaini zuten.
Gaur azoka berezia
Gaur jarraituko du Azaro Kulturak. Goizeko 10:00etan herritarren
era guztietako produktuekin azoka berezia ospatuko da. Jakina da mihi
urdinaren gaitza dela-eta, ardi, behi eta ahuntzik ezin dela eraman
azoketara, baina ikusteko makina bat gauza interesgarri egongo dela
esateko moduan gara.
Dokumentuaren akzioak