Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gerturatu dira gaurkoan ehunka dantzari Udaberri dantza taldearen gonbitari erantzunez. Hendaiako (Lapurdi) Akelarre, Iruñeko (Nafarroa) Muthiko Alaiak, Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza, Amurrioko (Araba) Araia eta Galdakaoko (Bizkaia) Andra Mari taldeko haurrek Tolosa izan dute dantzarako plaza. Guztira, 140 haur eta gazte inguru gerturatu dira Tolosara, Euskal Herriko bost herritatik; haiekin batera, 25 bat begirale eta musikari etorri dira. Udaberri Dantza Taldekoak, berriz, 145 lagun inguru izan dira. Ondorioz, 300 lagun elkartu dira denera.
11:00etan eman diote hasiera kalejirari, baina eguraldi txarra dela eta, Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian egin behar izan dituzte emanaldiak. Behin goizeko saioak amaitutakoan, elkarte gastronomikoetan bazkalduko dute haurrek, begiraleek eta musikariek.
Festak ez du egun guztian zehar etenik izango, eta arratsaldean ere izango da zer ospatu. Izan ere, Udaberri Dantza Taldeko fanfarreak emanaldi berezia eskainiko du Plaza Berrian, 16:00etan hasita; plaza dantzak joko dituzte. Euria eginez gero, goizeko saioaren antzera, San Frantzisko pasealekuko Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian eskainiko dituztela aurreratu dute.
Erromeriaren txanda
Dantzari Txikia amaitutakoan, egunaren bigarren zatiari emango diote hasiera: Erromeria. 19:00etan hasita, poteo musikatua egingo dute, fanfarrearen eskutik, Alde Zaharrean. Horren ostean, Zerkausian bilduko dira, lagun giroan afaltzeko. Herri afariaren ondoren, erromeria egingo du Laket taldeak, eta tartean, Larrain Dantza egingo dute afaltzera gerturatzen direnek.
Urtero bezala, Udaberri dantza taldeak, Erromeriara baserritarrez jantzita joateko deia luzatu