Dantzarien Udaberri Kalejira ospatuko dute datorren igandean Azkoitian. Duela urte batzuetako Dantzari Txiki Eguna ordezkatu du azken urteetan Dantzarien Udaberri Kalejirak, baina udalaren arabera, ohiko kutsua izango du egitasmoak, haurrak eta euskal dantzak izango baitira jai eguerdiko protagonistak.
Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak udalarekin elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta bi talde horietako kideek girotuko dituzte herriko txokoak. 11:30ean Julio Urkixo etorbidean elkartuko dira dantzariak eta musikariak, eta handik Balda plazara kalejira egingo dute, 11:45ean. Hain zuzen, eguerdiarekin batera eguneko lehen dantza saioa eskainiko dute plaza horretan, eta 12:30ean Inazio Iriarte Margolaria kalerantz abiatuko dira kalejiran. 13:00etan, azkenik, dantza erakustaldia egingo dute plaza nagusian. Eguraldi txarra eginez gero, Elkargunean egingo dute jarduera osoa.