Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari txikiak jo ta su aritu dira dantzan

Dokumentuaren akzioak

Dantzari txikiak jo ta su aritu dira dantzan

Legorreta dantzak hartu du gaurkoan, Dantzari Txiki Egunean. Eguraldiak baldintzatutako ospakizuna izan da, baina euriak ez du jaia gelditzerik izan.
Egilea
Maider Insausti
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legorreta
Mota
Albistea
Data
2023/04/23
Lotura
Goierriko Hitza

Legorretan Dantzari Txiki Eguna ospatu dute gaurkoan. Eguraldiaren iragarpen kaskarraren ondorioz, Harrepila kiroldegian egin behar izan da ekitaldia, formatua eremu itxira egokituta. Kaleetan dantzariak ikusteko aukerarik ez da izan aurten, baina kiroldegia ikuslez bete dute haur eta gazteek. Goierriko zenbait herritako dantza taldek hartu dute parte bertan, hala nola, Beasaingo Aurtzaka Dantza Taldeak, Zaldibiako Iztueta dantza taldeak eta, nola ez, etxekoak, Irrintzi Alai Dantza Taldea. 

Ekitaldiarekin hasi aurretik dantzariek hamaiketakoa egin dute eta ondoren, ekitaldiaren sarrera gisa agurra dantzatu dute guztiek elkarrekin. Ondoren, borobilean egiteko bi dantza egin dituzte, San Petit eta Axuri Beltza. Jarraian, klasiko batera jo dute, sorgin dantzara eta hurrena esku dantza. Behin hauek eginda, makilak hartu dituzte eta Makil Handi dantzatu dute. Bertatik inauteri giroko dantzetara egin dute salto, Lantzeko ihauteriak eginez, eta zinta dantzarekin eta polkarekin eman diete amaiera ekitaldiaren lehen zatiari. Bigarrenari dagokionean, guztiek elkarrekin egin dituzte dantzak, Dantzari Txikia kalean egiten denean plazan egiten dituzten dantzak eskainiz ikusleei, hau da, ikurrin dantza, Txulalai eta 7 jauzi; ondoren, fandangoa eta arinarinarekin eta kalejirarekin amaiera emateko.

Legazpin ere gaur ospatu dute Dantzari Txiki Eguna eta hauek ere aterpea bilatu behar izan dute gaurko ospakizunerako, azokara eramanez jaia.

Dokumentuaren akzioak