Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute Hondarribia Dantzan jaialdiaren bueltan

Dokumentuaren akzioak

Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute Hondarribia Dantzan jaialdiaren bueltan

Egilea
Aitor Errazkin
Komunikabidea
Antxeta Irratia
Tokia
Hendaia, Hondarribia, Irun
Mota
Albistea
Data
2024/05/24
Lotura
Antxeta Irratia

Kemen dantza taldeak “Hondarribia Dantzan” jaialdia antolatu du maiatzaren 23tik 26ra. Joan den urtean bertan behera utzi behar izan zuten ekitaldia, baina indarberriturik dator aurtengo edizioa, eta igandean Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute kalez-kale Irun, Hendaia, Hondarribia, Oñati eta Galdakaoko dantzariekin batera. 

Ostegun honetan Itsas Etxea auditoriuman eskainiko dituzten “Kemen 50 urte” eta “Azken dantza maisua” dokumentalen emanaldiekin hasiko badira ere, ostiraletik igandera euskal dantza kalera eramateko helburua du Kemen dantza taldeak. Bertako helduek ez ezik, bereziki Adaxka dantza taldeko txikienek hartuko dute protagonismo nagusia. Izan ere, aurtengo berezitasuna, igandean ospatuko duten Dantzari Txiki Eguna izango da. Bertan, Adaxkako Irungo harrobiko dantzariekin batera, Oñatiko Oñatz dantza taldeko, Galdakao Andramari, Hendaiako Akelarre eta Hondarribiko musika eskolako dantzariek ere parte hartuko dute. Iaz ere hala pentsatua zuten, eta gerora bertan behera geratu bazen ere, Iruñea, Tolosa eta Hendaiako dantzariak gonbidatuak zeuden ekitaldira. Aurtengoa, igandean goizeko 10:00etan hasiko da aipatutako dantzariekin eta kalez-kale herrian barrena.

Hortaz gain, ostiralean erromeria antolatu dute Santa Maria Madalena plazan (barriotxino), eta larunbatean Kemen dantza taldekoen dantza saioa izango da leku berean 18:00etan. Amaiur Calbete Olaizola, Kemen dantza taldeko kideak eman dizkigu aurtengo Hondarribia Dantza jaialdiaren inguruko xehetasunak.

OHARRA: Maiatzak 23an Itsas Etxean 19:00etan antolatutako bideo emanaldietarako sarrerak Arma Plazan edo tickets.kutxabank.es helbidean eskura daitezke.

Dokumentuaren akzioak