Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari Ttiki kari, musika eta dantzaz beterik izanen da Donibane Garazi, maiatzaren 8an

Dokumentuaren akzioak

Dantzari Ttiki kari, musika eta dantzaz beterik izanen da Donibane Garazi, maiatzaren 8an

Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroko dantzari ttipienak biltzen dituen topaketa heldu den maiatzaren 8an iraganen da. Ipar Euskal Herrian jai eguna dela probestuta, elkarretaratze handia antolatu dute Donibane Garazin. Urte osoan ikasitako dantzak erakusteko unea izanen da ehunka haurrendako.
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Donibane Garazi
Mota
Albistea
Data
2026/05/06
Lotura
Kazeta

 

2024an Donibane Lohizunen ospatu zen Dantzari Ttiki.
2024an Donibane Lohizunen ospatu zen Dantzari Ttiki. (Guillaume FAUVEAU)

 

Beste urte batez, Ipar Euskal Herriko dantzari ttipienak elkartzeko parada eskaintzen duen hitzordua ate joka dugu. Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak egindako hilabeteetako lanaren ondorioz, dantzari ttipiak eta haien taldeak errezibituko dituzte, maiatzaren 8an, Donibane Garazin. Frantziar estatuan bezala, Ipar Euskal Herrian ere jai egun denez, egun osoko egitaraua prestatu dute dantza agerraldiaren antolatzaileek.

Hala, Donibane Garaziko herriko frontoia dantza eta musikaz beteko da bertan arituko diren 39 dantza taldeei esker. Orotara 1.600 haur baino gahiago espero dituzte aurtengo Dantzari Ttiki kari. Dantzariak soilik ez, musika eskoletako ikaslek ere bertan parte hartuko dute, ikusgarriari soinua jarriz.

Egun horren antolaketarako, Garaztarrak dantza taldearen eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen laguntza izan dute Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko lagunek.
 
Ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da, hainbat dantza taldek Baxe Nafarroako hiriburuko karriketan eginen duten desfilearekin. 11:00k aldera, berriz, haurren dantzak izanen dira ikusgai frontoian.

Horren ondotik, lagun zein familiarekin gozatzeko moduko piknikaren tenorea helduko da. Antolatzaileek zehaztu dutenaren arabera, goiz eta arratsaldez idekiak diren ostatu eta talo postua izanen dira.

Arratsaldeko programa 13:30ean abiatuko da. Lehenik eta behin, Kontserbatorioa dantzan!-eko ikusgarriak ikusteko parada izanen da, eta 15:00ak aldera, Jose Cazaubonek eta Kiki Bordatxoren eskutik dantzaldia hasiko da. Bertan, nahi duen orok parte hartu ahal izanen du, izan haur edo heldu. 
 
Sarrerak online erosi daitezke HelloAsso plataformaren bidez, edota egunean bertan frontoiko sarreran. Gazte zein helduentzat zortzi euroan salgai eman dituzte; eta 12 urtepeko haurrentzat, berriz, sartzea urririk da.

Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak, agiri baten, bidez herritar orori maitzaren 8an Donibane Garazira bertaratzeko eta Dantzari Ttikirekin batera musikaz eta dantzaz beteriko egunaz gozatzeko gomita luzatu dio.

 

Dokumentuaren akzioak