Dokumentuaren akzioak
Dantzari so eginez gozatzeko gonbitea, Ballet Biarritzen eskutik
Maiatzak 12tik 30era gauzatuko den egitarau zabala antolatu dute
Ballet Biarritzeko ordezkariak, Filgi Claveriek, esan bezala, «helburua dantza da». Baina zaleen begirada erakarri ahal izateko, ikuskizunez gain, lantegiak, erakusketak eta mintzaldiak antolatu dira.
«Ez da jaialdi bat, ezta nahi ere. Ez da Maiatza Dantzan berri bat. Gure eguneroko lana da», esan zuen Claveriek atzoko aurkezpenean, mahaikide zituelarik Foru Aldundiko kultura zuzendaria, Maria Jesus Aranburu, Donostia Kulturako zuzendaria Antton Azpitarte eta Ballet Biarritzeko arduraduna, Adriana Pous.
Egitarauaren barruan, profesionalek zein zaletu hutsek topatuko dute jarduera interesgarriren bat. Saio guztiak Donostian izango dira, bat ezezik, Master class tailerra Miarritzeko Gare du Midi aretoan eskainiko baita. Gainontzeko ekitaldi gehienak Egiako kultur etxean aurkeztuko dira.
Maiatzaren 19an esaterako, Ballet Biarritzek bere azken sormen lanaren entsegu ireki bat egingo du, Egiako kultur etxean 19:00etan eta 22an, Euskadiko Koreografo Gazteen VII erakusketa aurkeztuko da 20:00etan.
Besteak beste, datorren hilaren 12tik 30era, bi erakusketa egongo dira ikusgai. Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolan Rudolf Nureyevek eginikoDiaghilevi omenaldia ikuskizuna dago argazkitan. Egiako kultur etxean berriz, Jacques Pavlovskyk Ballet Biarritzi eginiko argazkiak egongo dira ikusgai.
Dokumentuaren akzioak