Dokumentuaren akzioak
Dantzari gazteen trukea bermatzeko asmotan
Maiatzaren 7an hasi eta aste batez, Udaberriko T.Danz izeneko ekimenaren
barruan, Bartzelona IT Dansako eta Pragako Balet Praha Juniorreko
dantzari gazteek Donostian eta Donibane Garazin egonaldi bat eginen
dute, Donostiako Dantzaz konpainiarekin batera, Baxenabarreko Herri
Antzokiaren eta Dantzaz konpainiaren partaidetzari esker eta Akitania-
Euskadi diru funtsen laguntzarekin.
Bigarren urtea da ekimena antolatzen dutela. Iaz bezala, aurten
ere bi partetan banatu dute: bata udaberrian eta bestea larrazkenean.
Larrazkenetako egitarauak publikoari begira pentsatzen dituzte batez
ere. Udaberrikoetan, haatik, dantzarien arteko trukea da hobetsia. Izan
ere, dantzari gazte profesionalek osatu konpainiek aste bat iraunen duen
ikastaldi bat abiatuko dute 7an bertan, eta 15ean bururatuko dute. Inma
Rubio etorriko zaie teknika eta dantza mota berrien irakastera,
Valentziatik. Helburua «koadro klasikotik atera eta eskatzen diegun
guztira laster batean egokitzen has daitezen da», Dantzaz konpainiako
arduradun Filgi Claveriek azaldu duenez. Gainera, hiru konpainiak
elkartuz, hiruren artean trukeak sortzea espero dute.
Lan horren emaitzen berri emanen dute halere, baina ez da hori
helburu lehena. Maiatzaren 14an Donostiako Artelekun 14:00etan errepika
publikoa izanen dute dantzariek. Eta biharamunean, berriz ere Donostian,
baina aldi honetan performantzia bururatua ekarriko dute San Martin
merkatura, 12:00etan. Donostiako emanaldi horiez gain, Lapurdiko Azkaine
eta menturaz Beskoitze ere izanen dituzte bilgune. Beskoitzekoa ez da
oraindik baieztatua, eta, gainera, ez da publiko izanen.
Baxenabarren ere arituko dira. Maiatzaren 7an, hain zuzen, lehen
hitzordu gisa, Donibane Garaziko Le Vauban aretoan Bartzelonako IT
Dansa ariko da, arratsaldean lekuko ikasleentzat eta 21:00etan
guztientzat. Biharamun gauen tenore eta leku berean Pragako balletak du
errepika publiko bat eskainiko. Egun berean Bartzelonako IT Dansa
Donostiako Gazteszenan ariko da, eta 9an, betiere Gazteszenan,
Pragakoaren aldi. Biak, 19:00etan.
Maiatzaren 13an Azkaineko Elkarteen Etxean Dantzaz konpainiaren
errepika publikoa da izanen, 17:00etan.
Dokumentuaren akzioak