Dokumentuaren akzioak
Dantzari gazteek profesional mundura jauzi egiteko bultzada
Maiatzaren 13tik 23ra Gazte Baleten T.danz topaketetan Quebec, Paris eta Donostiako dantzariak bilduko dira
Maiatzaren 13tik 23ra, Quebec-eko Ballet Divertimento, Parisko Junior
Ballet Classique CNSMD eta Donostiako Dantzaz elkarteko dantzariak
lankidetzan arituko dira. «Beste herri batzuetako lan egiteko moduak
ikasi eta hemengoak irakasteko aukera da», azaldu du Haritz Solupek,
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Hedapeneko
zuzendariak.
Urtzi Aranburu, Jiri Kylian koreografoaren dantzari bakarlari
ohia eta Nederlands Dans Theater konpainiako entsegu arduraduna, eta
Philippe Cohen, Genevako Operako Baleteko Zuzendaria eta Lyongo Goi
Mailako Dantza Kontserbatorio Nazionaleko zuzendari ohia, arituko dira
irakasle lanetan.
Dantzari profesionalak sortuz
T.danz ekimenaren t hizkiak hiru esanahi dituela argitu du
Filgi Claveriek, Dantzaz elkarteko zuzendariak: «Batetik,
trantsizioaren t-a da, gazte konpainietan dauden dantzariak ikasle
izatetik profesional izatera pasatuko baitira». Transmisioa ere esan
nahi du hizki horrek Claverieren hitzetan: «Bestetik, topaketetan, goi
mailako irakasleek ikasleei ezagutzak, teknikak eta errepresentazioak
transmititzea da helburua». Dantzari gazteen arteko lankidetzan ere
transmisioa sortuko dela uste dute proiektuaren antolatzaileek. «Azken
t-a erdarazko transfronterizo hitzetik dator; hau da,
proiektua mugaz gaindikoa dela esan nahi du», azaldu du Claveriek.
Nazioartera begira egindako topaketak direla argitu du, eta kanpoko
konpainiak bertaratzea ahalbidetzen duela horrek.
«Europan ez dago beste gazte konpainien topaketarik, eta
hortik dator proiektu honen garrantzia», adierazi du Claveriek.
Gainera, gazteentzat elkarlanean aritzea, lana partekatzea eta
eguneroko kezkak partekatzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du.
T.danz topaketak antolatzen dituzten bigarren aldia da, eta proiektua
«emeki-emeki handitzen» ari dela dio.
Ekimen honen bidez, dantza eta koreografia sorkuntzaren
alorrean ikusleen sentiberatasuna lortzea espero dute antolatzaileek.
Era berean, dantzari gazteak profesionalizatzea eta nazioartean kultur
ekitaldiak ahalbidetzea dira T.danzen helburuak.
Topaketen harira, Donostiako Dantzaz konpainiak, Donibane
Garaziko Garazikus dantza konpainiak eta Donostia Kulturak dantza
emanaldiak antolatu dituzte. Aiziritzeko (Nafarroa Beherea),
Donostiako, Mauleko eta Hazparneko (Lapurdi) agertokietan ikusi ahal
izango dira Ballet Divertimento eta Junior Ballet Classique gazte
konpainien emanaldiak.
Dokumentuaren akzioak