Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari Egunera ilusioz joan dira eskoriatzarrak

Dokumentuaren akzioak

Dantzari Egunera ilusioz joan dira eskoriatzarrak

Urteak dira dantza talderik ez dagoela Eskoriatzan, baina Gorosarri Dantza Taldeko hamabost kide Arrasaten izan ziren Debagoieneko 25. Dantzari Egunean. Lehengo garaiak gogorarazteko eta egun ederraz gozatzeko aukera izan zuten bertaratuek.
Egilea
Imanol Beloki
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Eskoriatza
Mota
Albistea
Data
2018/04/26
Lotura
Goiena

Gaur egun ez dago helduen dantza talderik Eskoriatzan, baina dantzarako zaletasuna ez da galdu herrian. Urteko hainbat jaiegunetan ikus daiteke dantzari apartak daudela herrian, eta horren adibide da pasa den zapatuan Gorosarri Dantza Taldea ordezkatzen izan ziren eskoriatzarren kasua.

Gorosarri taldearen hastapenak

Gorosarri Dantza Taldea eratu baino lehenago, Eskoriatzan Alai Garbi izeneko dantza taldea egon zen, 60ko hamarkada hasierara arte. Gero sortu zen Gorosarri Dantza Taldea, eta haien lehenengo dantza-ekitaldia Aberri Egunean izan zen, Fernando Eskoriatza plazan. Taldearen lehen irteera, berriz, 1967an Miarritzera izan zen, dantza taldeen topaketa batera, eta azkena Arrasaten izan da; pasa den zapatuko Debagoieneko 25. Helduen Dantzari Egunekoa, alegia.

Taldearen hasierak

Mario Padilla Eskoriatzako txistularia izan da urte askoan, eta hark egindako lan handiari esker, Eskoriatzan txistu-zaletasuna eta euskal dantza taldea egon dira. Hura izan zen, gainera, Gorosarri dantza taldearen sortzaileetariko bat. Hala, hainbat urtez egin zituzten emanaldiak herrian, eta topaketa ezberdinetara ere joaten ziren, taldea desegin zen arte.

Argazkiak: Eskoriatza iruditan

80ko hamarkada hasieran talde txiki bat zegoen arren, 1993an kuadrilla talde bat elkartu zen; ume eta helduz osatutako 100 bat dantzari izatera heldu ziren garai hartan. Mario Padillak erreleboa eskatu zuen, eta, ondoren, 1999-2000. urtean dantzari gutxi geratzen zirenez, taldea uztea erabaki zuten.

Indarra hartu guran

Gaur egun, txikienek hartu dute dantzaren lekukoa Eskoriatzan, eta Beheko Errota musika eskolak kudeatzen du. Honela adierazi du Araceli Telletxeak, musika eskolako irakasleak: "Hainbat urtez ari gara dantza taldearekin, eta, gaur egun, 6 eta 16 urte arteko 40 neska-mutiko ari dira taldean. Azken urteotan, irakasle aldaketa ugari izan ditugu; izan ere, taldea finkatzea asko kostatzen zaigu, eta herriko saio ezberdinetan –Ferixa Egunean, San Pedro jaietan…– eta, esaterako, urtero egiten den Aretxabaletako topaketan parte hartzen dugu, baina nahiko genuena baino gutxiago. Hala ere, egonkortzeko bidean doala ematen du".

Eskoriatzako Gorosarri dantza taldearen esker on mezua:

"Debagoieneko 25. Dantzari Eguna ospatu genuen larunbatean, Arrasaten, eta gure eskerrik beroena eman nahi diegu antolatzaileei, bereziki egun eder horretan parte hartzeko gonbidapena egin zigutelako. Urteak dira Eskoriatzan talde bezala dantzatzeari utzi geniola, baina argi dago dantzaren sua barruan genuela, norbaitek edo arrazoiren batek txinparta pizteko zain. Gonbidapena jaso genuenean, berehala eman genion baiezkoa! Saiatuko ginela, behintzat, taldetxo bat bildu eta dantzaren bat edo beste egiten! Eta hala izan zen. Buru-belarri jarri eta dantza berriak eta guzti ikasi ditugu. Ezin aipatu gabe utzi honetan asko lagundu digun Ibone Arrieta, Eskoriatzan dantzari gaztetxoen irakaslea den Aretxabaletarra. Eskerrik asko zuri ere! Primeran pasa dugu, eta amaiera –edo ez– egun eder batekin eman diogu; oroitzapenez beteriko egun eder batekin.

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, hau posible egin duzuen guztiei.

Dantzatzen duen herria, bizirik dagoen herria!

Eskoriatzako Gorosarri dantza taldea!!"

Dantzari Egunera ilusioz joan dira eskoriatzarrak

Gorosarri Dantza Taldeko ordezkariak Debagoieneko Dantzari Egunean. Gorosarri Dantza Taldea

Dokumentuaren akzioak