Dokumentuaren akzioak
Eskualdeko Dantzari Eguna Arrasaten izango da larunbatean
Jaia 10.30ean hasi eta bost talde arituko dira egun guztian zehar herriko kale eta bazterrak alaitzen
Urtero, eskualdeko herri ezberdin batean egiten da jaialdia; iaz, esaterako, Oñatin izan zen eta, aurten, Arrasatek hartu du lekukoa. Guztira, bost talde arituko dira etziko hitzorduan: Antzuolako Oinarin, Oñatiko Oñatz, Soraluzeko Urrats eta Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz. Azken bi hauek arduratuko dira festaz, Udalarekin batera.
Era honetan, eguna 10.30ean hasiko da parte-hartzaile guztiei ongietorria emanez. Jarraian, herriko kaleak girotuko dituzte eta 12.30etik aurrera, alardearen ordua iritsiko da herriko plazan. Bertan, Agurra , Itai dantza , Gipuzkoako Ezpata dantza , Jota Fandango eta Arizkungo gaita taularatuko dituzte, besteak beste.
Sara merenderoan bazkaria izango da 14.30ean eta indarrak berritu ondoren, dantzariak berriro ere lanera itzuliko dira 18.00etan. Oraingoan, Batelerak , Zuletinoak , Cortes , Bizkaiko Jokoa , Calles eta Jota eta Trokeo eta Larrain dantzak eskainiko dituzte. Bukatzeko, erromeria izango da plazan.Dokumentuaren akzioak