Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari berbak, eta berbei dantzak

Dokumentuaren akzioak

Dantzari berbak, eta berbei dantzak

Bertsolariek sentipen eta emozioak harilkatzen dituzte entzuleengan. Baina entzule horiek dantzariak balira? Nola adieraziko lukete belarrietatik jasotako zirrara errimatua oin puntetan menperatzen duten dantzaren bidez?». Galdera horiek luzatuz egiten du Haatik konpainiak Errimak oinetan dantza ikuskizunaren sinopsia. Hain zuzen, itaun horien erantzunak Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian aurkitu ahalko dira gaur, bertsolaritza oinarri duen dantza emanaldian.
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2013/05/31
Lotura
Busturialdeko Hitza

Hasierako agurragaz, bakarkako nahiz binakako askotariko saioekin eta azken agurragaz, bertso saio baten egitura formala izango du ikuskizunak, baina bertsolariak barik, isilik dauden dantzariak egongo dira oholtza gainean. Hartara, «oinak errimetan eta errimak oinetan» jarriko ditu Haatik konpainiak. Izan be, azpi-izenburuak dioen legez, «dantza berriak, bertsoei jarriak» dakartza ikuskizunak.

Aiert Beobide, Maitane Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre Aranburu dantzariak egongo dira Lizeoko oholtza gainean, Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu ta Gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizaren bertso sortei pausoak ipiniz. Sustrai Kolinak ikuskizunerako beren-beregi sortutako bertsoak be entzun ahalko dira, Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Saroi Jauregiren ahotsetan.

Dantza garaikide zirkuitua
Unai Elizasuren ideia batetik abiatuta sortu zuen Haatik-ek ikuskizuna, eta Elizasu bera eta Aiert Beobide dira zuzendariak. Errimak oinetan Leioan estreinatu zuen Haatik konpainiak, eta, ordutik, hainbat emanaldi egin ditu han eta hemen. Gaurkoa 20:30ean izango da, esan bezala, Lizeo Antzokian, eta sarrerak 8 euro balioko du. Lizeo Antzokiko Lagun txartela daukatenentzat, dena den, 2 euroko deskontua egongo da.

Bederatzigarren dantza garaikide zirkuituak Gernika-Lumora dakarren bigarren ikuskizuna da Errimak oinetan. Hirugarrena eta azkena Kukairen Out In izango da. Azken hori ikusteko, alabaina, urrira arte itxaron beharko da.

Fitxa
Zuzendariak. Unai Elizasu eta Aiert Beobide.
Zuzendaritza artistikoa. Aiert Beobide.
Dantzariak. Aiert Beobide, Maitane Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre Aranburu.
Bertsoen egileak. Sustrai Kolina (agurrak, bakarkakoa, taldetakoa eta puntukakoa).
Bertso musikatuen egileak. Bixente Martinez. Hasier Oleaga, Amaiur Cajaraville (Igelaren banda).
Kantuen egileak. Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu ta Gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amuriza.
Ahotsak. Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus, Saroi Jauregi.

Haatik konpainiako kideak

Haatik konpainiako kideak

Dokumentuaren akzioak