Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantzaren onurak gizarteratu nahi ditugu"

Dokumentuaren akzioak

"Dantzaren onurak gizarteratu nahi ditugu"

Iurre Aranburu eta Aiert Beobide, Haatik Dantza Konpainia

Ekoizle antxotarrak buru belarri ibili dira asteotan, lau egunez, dantza herriko protagonista nagusia izan dadin.
Egilea
Hegoi Belategi
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/06/04
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
Aiert Beobide eta Iurre Aranburu Pasaiako Dantza Festibala antolatzen buru belarri ibili dira.

 

Pasaiako lehen Dantza Festibala antolatuko duzue, zertan datza jaialdia?

Iurre Aranburu: Dantza alor ezberdinetan bizi ahalko da, izan ikuskizun bat, tailerra edota film emanaldia. Dantza herrikoiak izango dira noski, Antxoko Alkartasuna Dantza Taldeak, adibidez, maskarada bat antzeztuko du. Baina dantza klasiko eta garaikideak ere tarte garrantzitsua izango dute.

Dantza aukeratu duzue kultura bultzatzeko garraio gisa, zergatik?

Aiert Beobide: Gure helburu nagusia, dantzaren onurak herritarren mesedera jartzea da. Sortuz, ikusiz eta sentituz, dantzak pertsonengan izan dezakeen eragina gizarteratu nahi dugu. Antxok betidanik izan du lotura sendoa dantzarekin, Alkartasunak antolatutako Aurresku txapelketak, Iker Murilloren Studio 24 edota Muxikoen Elkartea, horren adierazgarri dira. Hortaz, dantzari dagokionez, Antxok badu ibilbide luze bat eta dantzaz gozatzeko lau egun eskaini nahi dizkiegu herritarrei. Egitarauari begira, gainera, estilo aniztasuna da nagusi, Hip-hop, break Dance, edota bertsolaritza aurki daitezke.

Aranburu: Jaialdia kalera eramatea, kultura herritarrei hurbiltzeko mou oso egokia iruditzen zaigu, dantza herriaren erdigunean jartzen baitugu. Emanaldi bakoitzak istorio bat eskainiko du eta interpretazioa ikusleen esku dago.

Jaialdiaren oinarria parte hartzailea, parekidea eta integratzailea izatea nahi duzue

Beobide: Ez dugu nahi Pasaiako Dantza Festibala ikuskizun hutsa izatea. Jendeak bat egitea nahi dugu. Hori dela eta, tailer parte hartzaileak antolatu ditugu. Herriko eragileen ekarpenak ere garrantzitsuak izango dira, Studio 24 dantza eskolako ikasleek bi emanaldi eskainiko dituzte besteak beste.

Parekidetasunari dagokionez, funtsezkoa iruditzen zaigu generoarekin zerikusia duten ezberdintasunik ez izatea eta oreka bilatzen saiatu gara. Integratzailea ere izango dela diogu, dantzak normalizazioan izan dezakeen eraginean sinisten dugulako. Jaialdian, adibidez, pertsona elbarri baten performance bat izango da ikusgai. Gurpildun aulkia bi pertsonek dantza egiteko oztopo ez dela erakutsiko dute.

Aranburu: Dantzari lotuta dauden aurreiritziak ere apurtu nahi ditugu; adina eta jakintza maila berdin diotela. Askotan uste dugu dantzari baten ibilbide profesionala, berrogei urte betetzean amaitzen dela eta ez du zertan horrela izan behar. Ezjakintasunak ere lagun ugari baldintzatzen ditu, baina edonork dantzatu dezake, ez soilik adituek.

Nortzuk errotu duzue proiektua?

Aranburu: Pasaiako Udala eta Haatik Dantza Konpainia izan dira antolatzaile nagusiak baina eragile kulturalen laguntza izango dugu jaialdia aurrera eramateko. Gainera, herriko hainbat denda eta tabernen babes ekonomikoa jaso dugu eta asko eskertzen dugu, funtsezkoak izan baitira ekarpen horiek.

Aurten Antxon ospatuko da, hurrengo urtean Trintxerpen. Zein da barruti bakar batean egiteko arrazoia?

Beobide: Aurten lehen aldiz antolatuko da festibala eta noski, gauza txiki batekin hasiko gara. Barruti bakar batean eginez, egitaraua sendotzen dugula iruditzen zaigu eta jendea leku bakar batean batzen dugu. Antxotarrak garen heinean gainera, errazagoa izan da gure barrutian dena antolatzea. Hurrengo urtean, Trintxerpen, erronka handiagoa izango da.

Aranburu: Gurea, jaialdi txikia da bai, baina egitarau ikaragarri indartsua dugu, Antxo bezalako herri txiki batentzat. Barruti bakar batean antolatuz lortu dugu hori, ekitaldiak barrutietan banatuz, jendearen erantzuna apalagoa izango litzateke eta jaialdiaren eragina txikiagoa.

Lehen festibala duzue. Zeintzuk dira aurreikuspenak?

Aranburu: Eguzkia mesedez! Egia esan, eguzki faltak giroa nabarmen goibelduko luke, baina Euskal Herrian bizi gara, eta badugu B plan bat. Euria egiten badu, ekitaldiak Ibaiondo frontoi estalian egingo dira.
Publikoaren erantzunari dagokionez, komunikazio lan handia egiten ari gara webgunean zein sare sozialetan eta badakigu dantzarien inguruko jende ugari etorriko dela.

Beobide: Jaialdia gorpuzten hasi ginen unetik, herritarren jarrera paregabea izan da, bereziki dantzagintzan jarduten dutenen artean. Ilusio handia piztu du Dantza Festibalak eta herriari onurak ekarriko dizkiola dio jendeak. Zaila izango dela badakigu, baina urtez-urte hobera jotzea espero dugu.

Estetikoki zer eskaintzen du Antxok?

Aranburu: Ikaragarria da Antxon topatu daitezkeen eremuak dantzan egiteko. Egia da, herriak ez duela iraganeko kutsu underground hura, Luzuriagako eraikin zaharrak kasu. Hala ere, Antxok baditu espazio oso interesgarriak, Ibaiondoko zabalguneak adibidez, oxigenoa ematen dio barrutiari eta hori ere baliatzeko asmoa dugu. Skate parka ere agertoki bihurtuko dugu eta Gure Zumardiak eskaintzen duen giroa baliatuko dugu.

Beobide: Nik hauxe irudikatzen dut nire buruan: dantzari klasikoak Ibaiondoko barandan topoa atzean dutela. Hau da, Antxok gune urbanoak eta artea uztartzeko aukera ematen du.
Aranburu: Egia esan, Antxo txikia izan arren, lekuak bilatu baino, hainbat leku baztertu egin behar izan ditugu. Beste barrutietan ere, halako zortea izatea espero dugu. Trintxerpeko Zirizarekin maiteminduta gaude.

Dantza garaikideari buruz asko ez dakien norbaiti, zer esango zeniokete?

Aranburu: Gaur egun tradizionalak deitzen ditugun dantzak, garai batean garaikide deitu zituzten ere bai. Dantza tradizionalek estilo eta arau zehatzak dituzte normalean, garaikideak ordea, askatasun gehiago ematen dio dantzariari. Horrek eragin zuzena du gorputz lengoaian, adierazgarriagoa egiten du eta. Etorriko direnei, aurreiritziak etxean utz ditzatela eskatzen diegu eta sentsazio berriak bizitzeko prest etor daitezela.
Beobide: Jendea nolabait hezi behar dugu; ohitu behar dira. Begibistan ikusten denaz harago, dantzak duen balio artistiko eta komunikatiboa aintzat hartu behar da. Ez da egun batetik bestera egin daitekeen zerbait, baizik eta prozesu baten ondorioa. Obra ezberdinak ikusiz eta ikasiz, apurka apurka, hartzaileen interpretazioak sakonagoak izango dira.

Dokumentuaren akzioak