Dokumentuaren akzioak
Dantzaren Nazioarteko Kontseiluko kide izendatu dute Juan Antonio Urbeltz
Unescorekin lotutako erakundea da, eta Alkis Raftis zuzendariak egin dio, zuzenean, eskaintza
Dantzaren Nazioarteko Kontseiluko kideak bi eratara izendatzen dira: batzuk estatuek zuzenean aukeratzen dituzte; beste batzuk izendapen pertsonala izaten dute. «Nire kasuan, lehenengo bidetik ezinezkoa izango zen izendapena, eta bigarrenetik etorri da», adierazi du Urbeltzek.Izendapena pozez hartu du. «Uste dut garrantzitsua dela horrelako nazioarteko gune garrantzitsu batean aulkia izatea», adierazi du Urbeltzek. «Horrek aukera handiak emango dizkigu beste herri batzuetan gauzak nola egiten ari diren jakiteko, dantzaren inguruan zer ikuspuntu dauden ikusteko, eta baita geure errealitatearen berri emateko ere».Unescoren barruko erakundea da Dantzaren Nazioarteko Kontseilua, eta frantsesezkoa du izen ofiziala, Conseil International de la Danse, frantsesa baita erakundeko hizkuntza ofiziala; bigarren hizkuntza ingelesa da.Argia dantza taldeko zuzendaria da Urbeltz. Oso gazterik sartu zen dantzaren munduan, eta erreferentzia bihurtu diren hainbat ikuskizun zuzendu ditu: Zortziko, Alakiketan. Kondharian eta Pas de Basque dira ezagunenak. Dantzaren inguruko hainbat liburu ere idatzi ditu, hala nola, Bailar el caos: la danza de la osa y el soldado cojo eta Los bailes de espadas y sus símbolos: ciénagas, insectos y moros.
Dokumentuaren akzioak