Euskokultur Fundazioak eta Duguna dantza taldeak Pausoka dantza egitasmoa sortu dute, dantzaren ikasketan laguntzeko. "Dantzaren aurrez-aurreko ikasketa ezin ordezkatuzkoa da, eta nekez lortuko dugu ikus-entzunezko baliabideekin bertatik bertara ikas dezakeguna berdintzen. Baina ikus-entzunezkoen garaian bizi garen honetan, argi da horrelako baliabideei ezin diegula muzin egin", azaldu dute egileek dantzan.eus atarian. Zortzikoaren eta dantza-jauzien sistemak hautatu dituzte lehen ikasgai gisa, eta Aritz Ibañez dantzariak gauzatu ditu tutorialak. Lantzeko zortzikoa izan da sareratu duten lehenengoa.
Ekimena ez dute ezerezetik sortu. "Patxi Labordak, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak, Aiko Taldeak eta bestelako dantzari eta elkarte/erakundek sareratu izan dituzte haien dantzak ikasteko ikus-entzunezko materialak. Dantzan-en webgunean berean hainbat dantza-tutorial egon dira ikusgai azken urteetan. Proiektu honen bitartez horiek bildu eta modu erosoan eskuragarri jartzea da helburua", argitu dute.