Dokumentuaren akzioak
Dantzaren hiriburu izango da Errenteria-Orereta

Bi jaialdi garrantzitsu eta entzutetsuk hartuko dute datorren asteburuan Errenteria-Orereta: mugaz gaindiko Dantza Hirian jaialdiak, eta Maitaldiak. Gaur aurkeztu dute hilaren 11n hasi eta 14ra arte ondu duten dantzaren inguruko egitaraua Lekuona Fabrikan, Aizpea Oategi alkateak, maite Gartzia Kultura zinegotziak, Thierry Malandain Maitaldia Festibaleko zuzendariak, Xabier Bengoetxea Kukai Dantzako lehendakariak, eta Marie Christine Riviere, Ballet Malandain Biarritzeko lurralde eta nazioarteko lankidetzarako ordezkariak.
“Hilaren 11tik 14ra, dantzaren asteburua izango da Errenterian. Dantza Hiriarenek iritsiera izango duelako udalerrian, eta Malandainen Maitaldia jaialdi entzutetsuak, nagusiki Miarritzen garatzen denak, hegoaldeko dantzaren hiria Errenterian izango duelako”. Jaialdi horrek, Otaegik nabarmen jarri duen bezala, “herriak dantzaren munduan duen ekosistema garrantzitsua agerian jarriko du”.
Gartziak aletu du egitaraua. Ostegunean hasiko dira dantza ekitaldiak, Dantza Hirian jaialdiak abiatuko ditu. Natxo Monteroren Barbecho Urbano ikusteko aukera izango da Herriko Plazan 18:30ean, Daniel Rodriguezen A raiz de lana Zumardian 19:15ean, eta La Macanaren Ven lana, Zumardian, 19:30ean.
Kukai Dantzako lehendakariak azaldu ditu Maitaldiaren barruan herriko eragileek antolatutako emanaldiak. Maitaldia nazioarteko jaialdia herrian edukitzea “luxua” dela esan du Bengoetxeak, “eta Kukai anfitrioi gisa izatea guretzako ohorea”. Errenteriako Udalarekin eta Malandain Balletarekin egiten duten elkarlana Maitaldiaren gisako jaialdi batean islatzea garrantzia bizikoa dela ere esan du, eta eskerrak eman dizkie bi eragileei, “jarrera eta eskuzabaltasunarengatik”.
Maitaldia Jaialdiko zuzendari artistikoari esker hitzak Bengoetxeak. Erretiroa hartuko du Malandainek eta tokiko dantza konpainiarekin izandako “begirunea” jarri du nabarmen Bengoetxeak.
Malandain balleta duela 20 urte ikusi zutela Niessenen ere gogorarazi du Kukai Dantzaren ordezkariak, “baina aurten Lekuona Fabrikaren handitasunean ikustea ederra izango da”.
Egitarauari lotuta, larunbatean izango da Maitaldiaren txanda. Horren barruan dantza pieza labur bana eskainiko dute Kukai Dantzak, Herri Arte Eskolak, eta Ereintza Dantza taldeak. Herriko Plazan izango da, 19:00etan.
Ikuskizunez aparte bi tailer ere izango dira Malandain Balletak gidatuta: Masterclassa eta dantza tailer bat. Igandean izango da, hilak 14, Ione Miren Agirre Malandain Ballet Biarritzeko dantzari ohiak dantza ikasle gazteei zuzendutako masterclassa eta herritar orori zuzendutako tailer bat eskainiko ditu Dantzagunean.
Gaur bertan zabaldu dute horietan parte hartzeko izena ematea. Masterclaserako izena emateko (klik hemen); tailerretan parte hartzeko, berriz klikatu hemen. Izen ematea doakoa bada ere, parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da ballet gauaren sarrera edukitzea.
Dantzaren asteburuarentzat luxuzko ginga. Maitaldiaren testuinguruan, ballet gaua izango da Lekuona Fabrikan hilaren 14an. Bertan, Malandain ballet Biarritz konpainiako 22 dantzariek Thierry Malandainen bi sorkuntza lan eskainiko dituzte: Nocturnes entzutetsua eta Minuit et demi, ou le coeur mysterieux; azken hori, koreografoaren azken lana da. 19:00etan izango da hori.
Sarrerak abuztuan jarri zituzten salgai, eta dagoeneko agortuta daude.
Errenteria-Oreretan aritzea “plazera” dela eurentzat ere esan du Marie Christine Riviere, Ballet Malandain Biarritzeko lurralde eta nazioarteko lankidetzarako ordezkariak, “aurtengoa, gainera, berezia izango da, azken lana egokitu duelako Lekuona Fabrikara Thierryk [Malandain] publikotik gertuago izateko”.
Mugaz gaindiko kooperazioaren garrantzia jarri du nabarmen, “lurraldeko artistei ateak zabaltzearen alde aritu da hasieratik Malandain Ballet Biarritz, ezinbestekoa zitzaielako lurraldea eta lurraldeko artistak ezagutzea. Maitaldia Errenterian izatea, elkarlanaren arrakastaren isla da, baita aurrera jarraitzeko konpromisoaren erakusle ere”. Eskerrak eman dizkio Errenteriako Udalari elkarlanarengatik.
Gonbidapena azkenik Errenteria-Oreretako publikoa asteburuko emanaldietara gerturatu dadin, baina baita ere Miarritzera joan dadin.
Malandinek ere hartu du hitza eta elkarlana “luxua” dela esan du, “gure azken ikuskizuna ekarriko dugu Errenteriara. Heriotzaz mintzo da emanaldia, baina ez da tristea. Gauerdian gertatzen direnez mintzo da lanaren bigarren zatia, karroza bilakatzen diren kalabazez”.
Muga ez dela oztopo dantza maite duten bi hiri elkarlanean jarduteko, hori Otaegik gaurko agerraldian utzi duen gogoeta, “hurrengo asteburua horren erakusgarri izango da, benetan luxuzko asteburua dugu aurretik eta bide horretatik herritarrei mugarik gabe gozatzeko gonbidapena egin nahi diet”.
Dokumentuaren akzioak