Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren hilabetea ospatuko dute Donostian apirilean

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren hilabetea ospatuko dute Donostian apirilean

Larunbatean eta igandean dantza eskoletako ehundaka dantzarik parte hartuko dute kalean egingo diren ikuskizunetan.
Egilea
Maitane Legarreta
Komunikabidea
Gaztezulo
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2022/03/31
Lotura
Gaztezulo

Dantzaren hilabetea ospatuko dute Donostian apirilean

Alderdi Ederreko lorategian eta Kontxako barandan egingo diren ekitaldiek emango diote hasiera Dantzaren Hilabeteari apirileko lehen asteburuan. Apirilaren 2an, larunbata, XIV. Dantza Kalean antolatuko da, Alderdi Ederreko lorategietan, 17:00etan; hamahiru eskolak eta 361 dantzarik parte hartuko dute ekitaldian eta hainbat estilotako piezak aurkeztuko dituzte: garaikidea, jazz, neoklasikoa, Bollywood, klasikoa, hip hop eta ekialdeko folklorea.

Igandean 1.299 ikaslek XXIV. Kontxako Baranda-n egingo dute erakustaldia. Gipuzkoako 23 dantza-eskolatako (Andoain, Astigarraga, Donostia, Irun, Pasai Antxo, Errenteria eta Tolosa) eta Bizkaiko bi herritakoak (Ondarroa eta Lekeitio) izango dira dantzan, hiru txandatan. 

Apirilaren 14tik 17ra, berriz, Elvira Illana irakasleak, Alberto Sagardia piano-jotzaileak lagundurik, dantza klasikoko eskolak emango ditu hiru mailatan (hasiera, tartekoa eta aurreratua) Errenteriako Dantzagunean. 

Hilabetea bukatzeko, apirilaren 30ean, eguerdiko hamabietan, XIX. Dantza Saria emango zaie Iker Arrue eta Lide Arana dantzariei, Donostiako udaletxeko udalbatza aretoan antolatuko den ekitaldian. 

Dantzaren Nazioarteko Eguneko Gala
Maiatzaren 1ean Victoria Eugenia Antzokian ospatuko da Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXV. Gala. Hogeita bosgarren edizio honetan, dantza-estilo sorta zabala izango da: neoklasikoa, dantza garaikidea, dantza estilizatua/flamenkoa eta dantza neotradizionala.

Galan parte hartzen duten artisten artean, kanpotik etorritako gonbidatuak zein bertakoak izango dira, hala nola Lucia Lacarra eta Matthew Golding, ibilbide ezagun eta luzekoak nazioartean; Asier Edeso eta Mimoza Koibe, Montecarloko Balletetako dantzariak; Berlindik, Jone San Martin dantzari, koreografo eta performer donostiarra; Aitor Arrieta, English National Ballet-eko dantzari nagusia eta Katja Kaniukova; Linz-en (Austria) dabiltzan Hodei Iriarte Kaperotxipik eta Urko Fernandez Marzanak koreografia bat aurkeztuko dute; Baionako Illicite konpainia, Fabio Lopez-ek zuzenduta; eta Espainiako Dantza Konpainia Nazionaleko kide den Iker Rodriguez donostiarra. Bilboko M.M.Flamencodantza konpainiak eta Donostiako Aukeran Dantza Konpainiak ere parte hartuko dute.

Bi saio izango dira, bata 12:00etan eta bestea 19:00etan. Galarako sarrerak Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.

Dokumentuaren akzioak