Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren epizentro izango da Antxo hurrengo asteburuan

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren epizentro izango da Antxo hurrengo asteburuan

Pasaia Dantza Festibala ate joka dago. Ekainaren 6tik 9ra euskal konpainia ospetsuek, bertako dantza eskolek eta askotariko estiloak lantzen dituzten elkarte eta herritarrek dantzan jarriko dute Antxo.
Egilea
Imanol Saiz
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Pasaia
Mota
Albistea
Data
2024/05/29
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Pasai Antxo prest da hurrengo asteburuan dantzaren agertoki izateko. Pasaia Dantza Festibalaren seigarren ekitaldiak dantzan jarriko ditu barrutiko plaza eta txokoak datorren ekainaren 6tik 9ra. Ordukoa aurkezteko agerraldia egin dute gaur udaleko ordezkariek eta antolatzaile lanetan dabiltzanek. Aurtengo programazioa ere “anitza” izango dela aurreratu dute gaurkoan. Euskal konpainia ospetsuak, bertako dantza eskolak, dantza estilo ezberdinak sustatzen dituzten elkarteak eta udalerriko adin ezberdinetako pertsonak izango dira protagonista nagusiak.

Ekintza eta ikuskizun guztiak doakoak izango direla gogorarazi dute, eta horri esker, “komunitate osoaren parte hartzea eta sarera erraztu” nahi dute. Jaialdia “bitxiak diren espazio publiko eta ohiz kanpokoetan” egingo da, “esperientzia murgiltzaile eta irisgarri bat sortuz denontzat”.

Orotara, 22 ikuskizun izango dira, askotarikoak, tartean, zortzi dantza konpainia profesionalen emanaldiak (tartean Iker Murillo Studio 24  edo Kukairenak) eta hiru koreografia berriren piezak ikusi ahal izango dira. Dantza zinemaren film labur bat ere proiektatuko dute eta estilo urbanoko battle freestyle bat ere egingo dute. Inprobisaziozko lehiaketa izango da, Unit taldeak antolatutakoa.

Teo Alberro alkateak aipatu du jaialdia “dantzaren esparruan erreferente gisa hazi eta sendotu” egin dela: “Gure komunitatearen ahalegina eta lankidetza miresgarriak dira. Harro egoteko modukoa da ikustea urtez urte jaialdi hau, bere esentziari eusteaz harago proposamen eta jarduera berriekin aberasten dela, gure bizilagunen dinamismoa eta sormena islatzen”.

Kultur zinegotzi Aitor Brionek hartu du hitza gero: “Lau egunez, aurten ere, berriro zuzeneko agertoki bihurtuko dugu Antxo, lau egunez dantza gure udalerriko eguneroko bizitzarekin uztartuko dugu. Antxoko txoko bakoitzean energia eta sormenarekin inbadituz. Jaialdi hau dantzaren botere eraldatzailearen testigantza da, entretenitu ez ezik, pertsonak hezi, inspiratu eta elkartzen dituen diziplina”.

Zazpi gune nagusi izango dira: Luzuriaga parkea, Skate parkeko harmailak, skate parkea, Ibaiondo pilotalekua, Kultur Etxea, Biteri plaza eta Katuen Etxadia. Eguraldi txarra eginez gero, emanaldiak Ibaiondora lekualdatuko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Informazio eta xehetasun gehiago jasotzeko 943 51 82 99 edo 609 10 19 59 telefono zenbakietara hots egin daiteke. Beheko koadroan egitarau osoa kontsulta daiteke.

 

Egitaraua
  • Ekainak 6 (osteguna):
    • 19:00: Biterin, Polina Tiabuten Lástochka bakarkako emanaldia.
    • 19:15: Biterin, Ainhoa Usandizagaren Bihar emanaldia.
    • 19:30: Biterin, Natalia Garciaren El espacio de los límites.
    • 20:30: Kultur Etxean, Emakhari filma proiektatuko dute, eta ondoren, hitzaldia izango da.
  • Ekainak 7 (ostirala):
    • 18:00-20:00: Ibaiondon, Eliralen O! emanaldia.
    • 19:00: Skate parkean: Neri(h)ariren Iceberg.
    • 19:30: Skate parkeko gradetan, Victor Fernandezen Triade.
    • 21:00: Luzuriagako parkean, Haatik-en Lau Eme.
    • 21:30: Luzuriagako parkean, Lasalaren Alive.
  • Ekainak 8 (larunbata):
    • 11:30: Luzuriagako parkean, Alkartasuna dantza taldeko txikien eta ondoren Iker Murillo Studio 24ko ikasleen ikuskizuna.
    • 13:30: Biterin, Lindy Hop topaketa.
    • 18:30: Luzuriagako parkean, Kukai konpainiaren Giza.
    • 19:15: Luzuriagako parkean, Ziomara Hormaetxe Ciaren Ahotsak.
    • 20:00: Luzuriagako parkean, Led Silhouetteren Los Perros.
    • 21:30: Skate parkean, free style txapelketa.
  • Ekainak 9 (igandea):
    • 12:00: Katuen Etxadian, Iker Murillo eta Vitali Safronkinek gidatutako dantza eskolako ikasleek barra klasikoko erakustaldi berezia eskainiko dute.
    • 13:00: Biterin, Zaborren arteko loreak.
    • 13:40: Biterin, Ttipikaren Dantzaldi Gidatua.

Dokumentuaren akzioak