Dantzaren Egunak 600dik gora dantzari batuko ditu Landako Gunean

Zapatuan egingo dute ospakizuna, 10:00etatik aurrera. L'Atelier eskolako komunitate osoak parte hartuko du. Ballet erakustaldiak, dantza garaikidea, urbanoa eta modernoa taularatuko dituzte. Halaber, herri bazkaria eta swing tailerra ere egingo dituzte. Baturiko dirua Koreo dantza elkartearentzat izango da.
Egilea
Ekaitz Herrera
Hedabidea
Anboto Durango
Lekua
Durango
Mota
Albistea
Data
Lotura
Anboto Durango

Dantzaren Egunak 600dik gora dantzari batuko ditu Landako Gunean

L'Atelier eskolako eta Durangoko Udaleko ordezkariek goiz honetan aurkeztu dute Dantzaren Eguna.

 

Landako Guneak Dantzaren Eguna hartuko du zapatu honetan. Egun osoko ekitaldia izango da, L'Atelier eskolako 600 dantzari baino gehiago batuko dituena, eta dantza eskolako kideen urte osoko lana jendaurrean aurkezteko balioko duena. Ekintzak 10:00etan hasiko dituzte, umeentzako tailerrekin, eta 11:00etan ekingo diete dantza saioei, ballet erakustaldiagaz. 15:00etan bingoa egingo dute, eta behin hori amaituta, 15:45 aldera, dantza modernoak, urbanoak eta garaikideak taularatuko dituzte. Eguna swing tailer ireki batekin amaituko dute, 20:00etan. Oiane Azkonizaga L'Atelier eskolako arduradunak azpimarratu duenez, Dantzaren Eguna "urteko hitzordurik garrantzitsuena" da eskolarentzat. "Eskolako kide guztiek parte hartzen dute egun horretan. Egun ederra izaten da", azaldu du irakasleak. Era berean, Dantzaren Eguna eskolako kideentzako bakarrik barik, herritar guztiei zabalduta dagoela gaineratu du.

Koreo dantza taldeari bultzada

Dantzez gainera, ospakizunetarako tartea hartuko dute. Izan ere, 13:30ean, herri bazkaria egingo dute Landako Gunean bertan. Baturiko dirua Koreo dantza taldea laguntzeko erabiliko dute, dantza lehiaketetan parte hartzen duen taldea laguntzeko, hain zuzen ere. Era berean, txosna bat ere egongo da, baturiko dirua dantza talde horretara bideratzeko. Paule Sanchez zinegotziak Dantzaren Egunera bertaratzera deitu ditu durangar guztiak: "Dantzaren Eguna aukera bikaina da gure aniztasun kulturala eta artistikoa ospatzeko", esan du.